Del Campok eta Arriolabengoak elkarrekin jokatuko dute bihar herrian, Arabako Binakakoa

Amaia Txintxurreta Guridi

Arriolabengoa eta Del Campo, herriarteko finala irabazi zutenean.

Asier Del Campo eta Markel Arriolabengoa pilotari aramaioarrek bihar, zapatua, ekingo diote Arabako Binakako Pilota Txapelketari. Aramaioko Maider Unda kiroldegian jokatuko dute, 18:00etan, Amurrioko Gonzalez eta Arauzoren aurka. Herriarteko txapelketako finaleko aurkariak izango dituzte berriro aurrez aurre.

Aurten ilusio bereziz ekingo diote Arabako Binakako Pilota Txapelketari Del Campok eta Arriolabengoak, lehen aldiz elkarrekin jokatuko baitute binakakoan. Biak Gasteizko Txukun Lakua klubean dabiltza, eta entrenatzaileak erabakitzen du bikoteen osaera. Aurreko urtean, Del Campok, Markaidarekin jokatu zuen, eta Arriolabengoak, berriz, Iribarrenekin. Hala ere, elkarrekin aritzeko gogoa zuten aurten, lagunak izateaz gain, kantxan ere oso ondo ulertzen direlako.

"Elkarrekin jokatzen dugunean oso ondo ulertzen gara. Defentsa handia egiten dugu frontoian, eta binakakoan oso garrantzitsua den feeling hori dugu", azaldu du Del Campok.

Ogeta, helburua

Txapelketako helburu nagusia abenduaren 19an Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko den finalera iristea da. Bide horretan, baina, aurkari gogorrak izango dituzte, bereziki Markaida eta Uribe bikotea, eta Iribarren eta Moto bikotea.

Lehen erronka, hala ere, biharkoa izango da. Gonzalez eta Arauzo izango dituzte aurkari, herriarteko txapelketako finaleko bikote bera. Del Camporen arabera, orduan nagusitasunez irabazi zieten, sasoi betean zeudelako, baina badakite oraingoan ere partidu zaila izango dela: "Partidu hau, beste guztiak bezala, konplikatua izango da, eta dena eman beharko dugu".

Gainera, etxean jokatzeak motibazio berezia ematen die: "Aramaion izanda, gure jendearen aurrean eta horrelako aurkarien kontra, oso motibatuta gaude partidu horretarako eta txapelketarako", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak