Luzaroan ahaztuko ez duen eguna bizi izan zuen atzo Asier del Campok. Arabako txapelketako lehen mailako El Corte Ingles sariketako finala nolakoa izatea gurako zukeen galdetuko baliote, nekez imajinatuko luke halakorik. Kantxan ondo baino hobeto ezagutzen diren lau pilotari –Txukun Lakua klubekoak–, eta harmailan "Aramaio erdi". Hori gutxi ez, eta azken unean erabaki zen partidua haien alde, gidoia aurrez idatzita egongo balitz bezala.
Del Campok bazekien defentsan lan handia egin beharko zuela aurreko koadroetan, Xabi Iribarren "teknikoki fina" delako. Partiduan zehar ondo betetzen zebilen bere egitekoa, baita bere atzelari Markaida gasteiztarra ere. Aukerak aprobetxatuta, azken txanpara indarrak pare-parean iritsi ziren, eta 21-20 aurretik jartzea ere lortu zuten: "Tanto horretan ezker gantxoarekin bukatzera joan naiz, baina txapara bidali dut pilota. 21nakoan, tanto luze eta gogorra jokatu dugu eta defentsan gora eta behera aritu behar izan dut. Azkenean, Iribarrenek egin du huts, eta euforia betean sartu gara", azaldu du Del Campok.
Hala, ezin hobeto bukatu du urtea aramaioarrak, eta datorrenari itxaropentsu begiratzen dio: "Gogotsu nago Euskal Ligan, Espainiakoan eta selekzioen artekoan jokatzeko".
