Iazko arantza aterata, Aramaioko eta Legutioko pilotariak txapeldun, Arabako Herriartekoan

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko ekainaren 15a

Arriolabengoa eta Del Campo pilotariak, Arabako Herriarteko Txapelketa irabazi ostean.

Aramaioko eta Legutioko pilotariek Arabako Herriarteko Pilota Txapelketa irabaztea lortu dute, finalean Amurrioren aurka nagusituta. Garaipen horrek iazko porrotaren arantza kentzeko balio izan dio taldeari, eta pilotariak "oso harro" daude egindako lanarekin eta taldeak erakutsitako konpromezuarekin.

Atzo, domeka, jokatutako Arabako Herriarteko Txapelketako finala ez zen erraza izan. Lehenengo partidua Amurriok irabazi zuen, pilotari indartsuak erakutsiz, baina Aramaio-Legutiokoek aurpegia eman zuten uneoro.

Gakoa bigarren partiduan egon zen: markagailuan atzetik joan arren, buelta eman eta 22-19 irabaztea lortu zuten, txapela azken norgehiagokan erabakitzeko aukera emanez.

Azken partidu horretan, Markel Arriolabengoak eta Asier Del Campok konfiantzaz jokatu zuten hasieratik, Eneko Gonzalezen eta Aitor Arauzoren aurka. Arriolabengoa jokoa dominatzen aritu zen eta Del Campok asmatu egin zuen aurrean jokatzea tokatu zaionean, azkenean 22-14ko emaitzarekin garaipena eskuratuz.

Arabako Pilotako Herriarteko Txapelketan ateratako talde argazkia.

Del Campok poztasuna adierazi du lortutako txapelaren ostean: "Oso pozik gaude, izan ere, iaz galdu egin genuen eta arantza hori ateratzea lortu dugu". Horrez gain, pilotariak taldearen etorkizuna eta harrobiaren garrantzia nabarmendu ditu, Legution eta Aramaion erreleboa badagoela ziurtatuz: "Oso garrantzitsua da behetik datozen umeak eta neskatilak. Haiek dira gure etorkizuna eta urte batzuk barru haiek izango dira protagonistak".

Beste txapelketa batzuk

Garaipen horren ostean, Del Campok erronka berriei egingo die aurre berehala. Bihar, martitzena, Arabako lau eta erdiko txapelketa hasiko du Eñaut Motoren kontra Aramaioko frontoian jokatuko den lehen jardunaldian, 19:00etan. Eta zapatuan, berriz, Euskal Ligako buruz buruko finalaurrekoa jokatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak