Aurtengo jaiak "ezohikoak" izan direla iritzita, Udalak balorazioa egiteko ohiko inkesta baztertu eta sanmartinetako zapatuan erabilitako formula bera baliatu du: herritar eta elkarteekin aurrez aurreko bilera egitea. Elkarteetako kide zein norbanako guztiei egin zieten parte hartzeko gonbidapena, eta hogei bat lagun elkartu ziren atzo arratsaldean.
Libe Ramila Kultura zinegotziaren esanetan, saioa "oso aberasgarria" izan zen. Bilera amaieran egindako balorazio orokorrean, parte-hartzaileek adierazi zuten jaiak "arraroak eta gogorrak" izan direla, baina baita "onak" ere, eta herri kohesionatu baten erakusle izan direla.
Etorkizunera begira, jaiak modu kolektiboan antolatzen jarraitzearen garrantzia ere azpimarratu zuten. Bestalde, jaietan izandako pertsonen eta materialen kontrako erasoek sortutako kezka ere izan zuten hizpide. Ramilaren arabera, herrian "ardura eta kezka" daude, eta aurrera begira herri mailako estrategiak lantzea beharrezko ikusi dute.
Kultura zinegotziak bereziki nabarmendu zuen herritarren erantzuna. Udalak laguntza eskatu duen bakoitzean –ekitaldi publikoetan ordezkaritza egiteko edo afari herrikoiko aulkiak muntatzeko–, parte-hartzea "izugarria" izan dela adierazi zuen. Haren hitzetan, jaiak "gogorrak, baina oso aberasgarriak eta oso parte-hartzaileak" izan dira, "parte-hartzaileak zentzu orokorrean, bai kaleak hartzeko garaian, bai laguntzeko prest egoteari dagokionez".