Jaietarako aurreikuspenak bete dira Gazte Asanbladarentzako

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko uztailaren 10a

Kuadrillen arteko pikean, jolas batean platerean bata besteari ura pasatzen.

San Martin jaiak aurrera eraman dira eta "jendetsuak" izan dira Gazte Asanbladarentzako. Gaineratu dute, jaietan asanbladak behar izaten duen "bultzada" jaso dutela.

Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladatik hauxe adierazi dute, jaiak pasa berritan: "Jaiak aurrera eraman dira eta jendetsuak izan dira. Gero beste gauza bat da zein preziotan". Nabarmendu dute aurtengo jaiak "inoiz baino gertakari gehiagokoak" izan direla.

Udalak hartutako erabakiengatik, esan dute asanbladakoei tokatu zaiela "sekula baino lan gehiago egitea", eta uste dutela "itzalpeko lan hori guztia, itzalpekoa den momentutik, ez dela horrenbeste ikusten". 

Jaietan izandako hainbat gertakariren inguruan ere mintzatu dira, baina horietatik aldendu nahi izan dute.

Egitarauaren balorazioa

Egitarauaren balorazioari dagokionez, osteguneko GKSren eguna "brillantea" izan zela nabarmendu dute. Zapatuan, berriz, Udalak txosna inguruan egitaraurik "antolatu ez zuela jakinda", azken orduan boxeo-belada antolatu zuten. "Pilak jarri genituen eta giro itzela izan zen", azaldu dute.

Zapatu gaueko Chech Boys eta Blind taldeen emanaldiak ere arrakastatsuak izan zirela diote.

Domekan, kebap-jana bertan behera geratu bazen ere, Berbapasie eta film laburren lehiaketak urteroko giro onean pasa zituztela nabarmendu dute. 

Astelehenean, nekea nabaria bazen ere, parte-hartze ona izan zela azaldu dute, esaterako kuadrillen arteko pikean eta bertan, adiskidetasuna gailendu zela diote.

Orain, jaiak amaituta, jasotze lanetan dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak