Bart hainbat eraso egin dituztela salatu du Aramaioko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 6a

Kaltetutako hainbat elementu, Aramaion, gaur goizean. (Argazkiak: Aramaioko Udala).

Parke inguruko hainbat elementu erasan eta kalteak eragin dituztela salatu du Udal Gobernu Taldeak, ohar bidez. "Zuhaitzak aizkoraz mozten saiatu dira, hesiak errekara bota dituzte, kaleko seinaleak eta banku bat erauzi eta lekuz aldatu dituzte, jaietarako jarritako komunak lasto-fardoz bete dituzte...", azaldu du. 

Aramaioko San Martin jaiek "momentu ederrak" utzi arren, "zoritxarrez", zenbait herritarren jarrerak "ilundu" egin du guztia, Aramaioko Udalak adierazi duenez. "Jada ez dugu hitz egokirik aurkitzen gertatutakoen inguruko iritzia emateko. Oraingoz, Udalaren izenean, erasoen berri eman eta herritar guztiak egoeraz hausnartzera gonbidatu nahi ditugu", azpimarratu du.

Kalte horiez gain, zapatu gauean kiroldegia "baimenik gabe" erabili zutela batzuek. "Guztia zerri eginda dago. Ondorioz, goizeko antzerki saiora etorri diren aktoreek ez dute aldagela duinik izango", salatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak