Beñat Rodrigo Kiliki lehen aldiz izango da bihar, egubakoitza, Aramaion, kontzertua ematen.
Nolako zuzenekoa ekarriko duzu?
Polita, betikoa; gustura jotzera joango naiz, eta taldearekin batera. Chill Mafiako ekoizle zen Alex Sunny Wright IV dago gitarrarekin eta ekoizle moduan gurekin; baterian, Eneko Arbea; eta baxuan, berriz, Xabi Esparza.
Bandarekin etorriko zara, orduan.
Hori da. Egin nituen kantuak nahiko aproposak ziren bandarekin jotzeko, eta, gainera, baxu-jolea eta bateria-jolea lagunak ziren aspalditik, eta, oso onak zirenez, iruditu zitzaidan soinu bikaina izango zuela zuzenekoak.
Publikoa gogoratzen da oraindik Chill Mafiako zure garaiarekin?
Bai, baina geroz eta gutxiago. Iazko udan gogoratzen naiz kontzertua amaitutakoan errieta egiten zidatela esanaz Chill Mafiako kantu gehiago entzun nahi zituztela. Eta aurten, berriz, Arrasaten jo nuenean neska batek errieta egin zidan kontrakoagatik, Chill Mafiako kanta gehiegi abesteagatik.
Azkenaldian entzun zaitugu baita ere Aimarz-rekin.
Duela bizpahiru aste atera genuen EP bat, bai. Bolo-ren batean izan ginen, baina ez genuen erlaziorik. Elkartu egin ginen zerbait egiteko, eta atera ziren momentu batean pare bat tematzar bikain, eta erabaki genuen beste pare bat arratsaldetan elkartuta EP bat egitea.
Zerk pizten dizu kantuak idazteko beharra?
Niretzat ez da zerbait terapeutikoa. Terapia behar baduzu, zoaz terapiara. Batzuetan, burura melodia bat datorkit eta fonetika egiten dut melodia horren arabera, eta horrek, nolabait, hitzak eta ideia eraikitzen ditu. Esaterako, Iltze 1 EPko Si m miras así kanta atera zitzaidan, Tiktoken nenbilela agertu zitzaidalako Slavoj Zizek-en klip bat. Egunerokotasunean ere gertatzen dira gauza deigarriak.
Zein da zure helburua zuzenekoetan?
Jendeak ondo pasatzea eta disfrutatzea. Ulertzen dut haien arazoez ahaztera datozela.
Ztanda saioko epaile izateak ekarri dizu artistari beste modu batean begiratzeko modua?
Lan horri esker, ordaindu ahal izan nuen Iltze 1 produzitzea. Eta Ztanda-koei lapurtu diet pare bat skill ahotsa zaintzeko, berotzeko...
Nola sentitzen zara oholtzan?
Gaur egun, oso leku normaltzat hartzen dut; neurri handi batean, etxean egongo banintz bezala sentitzen naiz.
Gaurkoa Aramaion joko duzun lehen aldia izango da?
Bai; gainera, gogoz nago. Deitu zigutenean jotzeko, segituan deitu nion Mutikori [Jon Izaga musikari aramaioarra]; haren herrian jo behar nuela esan nion.
Parrandan geldituko zara kontzertu ostean?
Laguna herrikoa izanda, uste dut geratu egin beharko dudala, hark herria erakuts diezadan.