1969ko ausardiatik, gaur egungo ilusiora: danborrada, berriro kalera aterako dute Aramaion

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko ekainaren 12a

Mario Etxenausia, German Aginagalde eta Martin Arriolabengoa, danborrekin.

Jaietako astelehenari bizipoza emateko sortu zen danborrada Aramaion, 1969an. Hasieran, gizonezkoak emakume jantzita irteten ziren, hiru danborrekin bakarrik eta asto batek tiratutako gurdiarekin.

Aramaiok bere historiaren pasarte garrantzitsu bat berreskuratuko du San Martin jaietan: danborrada. 1969an hasitako tradizio hori, urteetako hutsunearen ondoren, indarberrituta itzuliko da kalera. Herriko jaiak –eta, bereziki, jaietako astelehena– eraldatu zituen ekimen hark hasiera apala baina berritzailea izan zuen. Orduko alkateak, Alberto Fernandezek, kezkaz ikusten zuen nola astelehenetako giroa itzaltzen ari zen, herritar gehienek Arrasateko kooperatibetan lan egiten zutelako eta laneguna zelako. Egoera hari buelta emateko, herritar batzuekin elkartu eta zerbait berria asmatzea erabaki zuten. Horrela jaio zen Aramaioko lehen danborrada. Hainbat urtetan egin zuten, eta, beste askotan egin gabe egon ostean, jaietako astelehenean, uztailaren 6an, berreskuratuko dute.

Hasiera "ganberroa"

Lehenengo urte hartan, danborrada ez zen gaur egun ezagutzen den desfile antolatua bezalakoa. Ekimenaren sortzaileetako bat izan zen Mario Etxenausiak (Aramaio, 1949) gogoratzen du nola elkartu zen alkatearekin eta duela pare bat urte hil zen Fernando Azpiazurekin, herri-mailako zerbait antolatzeko: "Parte-hartzaile guztiak gizonezkoak ginen, baina denak emakume jantzita atera ginen. Gainera, mozorrotzeaz gain, karroza bat prestatu genuen, Salazan baserriko asto batek tiratuta. Bi arraun ere egin genituen, Bizente Muñoa arotzarekin, eta herriko jendeak parte hartu zuen hori egiten".

Mario Etxenausia, Felipe Madina eta Jose Antonio Diaz, 1969ko karrozan mozorrotuta. (Argazkia: Mario Etxanausia).

Miren Galindez herriko ile-apaintzaileak funtsezko eginkizuna izan zuen lehen urte haietan. Hark orrazten zituen ileordeak, aurpegiak makillatu, eta klipak zituzten belarritakoak jartzen zizkien gizon parte-hartzaileei. "Jaietako astelehen eguerdian egin zen lehen aldiz, eta bero handia egiten zuen uztaila zen; hala ere, umorerik ez zen falta. Musika Los Diamantes de Araia orkestrak jarri zuen, eta hiru atabal bakarrik zeuden danborradan: bat Patxi Aiastuik jo zuen; bestea, haren anaia Juan Josek; eta hirugarrena, Manuel Aginagaldek. Hirugarren atabala, gainera, Udalarena zen, eta Espainiako bandera zeukan margotuta. Aguazilaren danborra zen, pregoia emateko erabiltzen zena, eta danborradarako paperarekin tapatu genuela gogoratzen naiz", dio.

German Aginagaldek, 1974ko argazkiak gordetzen dituenak, beste hitz bat erabili du garaiko giroa deskribatzeko: "Ganberroa". Haren esanetan, danborrada "maleziarik gabeko ganberrada" bat zen, gazte estiloan egina eta ondo pasatzeko helburu bakarrarekin: "Juerga egiteko aitzakiarekin sortu zen". Garai hartan, jatea eta edatea ziren jaietako ardatz nagusiak, eta danborrada jai hura girotzeko modu bat baino ez zen.

Martin Loiti, Roberto Aginagalde eta German Aginagalde, emakume jantzita. (Argazkia: German Aginagalde).

Euskal nortasuna eta debekuak

Urteek aurrera egin ahala, danborrada aldatzen joan zen. 1970ean, jende gehiagok parte hartu ahal izateko –kooperatibetako langileak kontuan hartuta–, astelehen eguerdian egin beharrean zapatu gauean egitea erabaki zen, eta, astoaren ordez, Ebro kamioi bati lotuta joan zen karroza. Hirugarrenetik aurrera, gaur egun gehiago egiten den moduan, traktorea erabiltzen zen. Karroza Bañera parkean apaintzen zuten, Bizente Muñoa arotzak lagunduta. Eta urtez urte danborrak gehitzen joan ziren, 20-30 danbor ingurura iritsi arte.

1974an, gainera, "euskal kutsua" ematen hasi zitzaion festari. Franco oraindik bizi zen eta ikurrina debekatuta zegoen, baina aramaioarrek lortu zuten euskal giroa irudikatzea, gorria, berdea eta zuria erabiliz jantzietan eta dekorazioan. Familian zituzten baserritar gonak hartu eta euskal giroa ematen zioten desfileari. Herri kirolei lotutako mozorroak ere janzten zituzten, hala nola aizkolari, segalari edo harri-jasotzaile. Goio Larrañaga herritarrak, adibidez, 200 kiloko harri bat irudikatzen zuen kartel bat egin zuen harri-jasotzaile ateratzeko.

74ko karrozan, Jose Gardoki, Martin Loiti, German Aginagalde eta Andres Altuna. (Argazkia: German Aginagalde).

Hala ere, garai hartako gizarte-arauek muga argiak jartzen zituzten. Emakumeak ez ziren aktore gisa ateratzen desfilean, nahiz eta ezinbesteko laguntzaileak izaten ziren prestaketa lanetan. Desfilearen atzean, ordea, herri osoa ibiltzen zen, emakumeak eta umeak barne, eta giro herrikoia sortzen zen.

Loli Lasaga, Edurnezuri jantzita; eta Martin Etxabe, ipotx. (Argazkia: Martin Arriolabengoa).

Legutioko gertakari politikoa

Aramaioko danborradak ospe handia hartu zuen. Martin Arriolabengoa herritarrak gogoratzen du nola 1975ean Legutioko jaietara gonbidatu zituzten, danborrada bertan egiteko. Han, Patxi Salaberri gizon dirudun gisa jantzita zihoan, Ministro sin cartera de la república democrática, capitalista, comunista... zioen kartel batekin. Guardia Zibilak komunista hitza ikusi zuenean, Salaberri kuartelera eraman zuen, eta danborrada bertan behera geratu zen, nahiz eta gero gobernadoreak barre egin eta askatzeko agindu zuen.

Arriolabengoaren familiak ere pisu handia izan zuen festa hartan: hamar anai-arrebako familia zen, eta zortzik parte hartu zuten urte hartako danborradan, eta, horregatik, trofeo berezi bat jaso zuten.

Hazia loratu da

Urte asko igaro dira danborrada desagertu zenetik, baina iaz, Gau Beltzaren egunean herritar batzuek danborrak atera zituztenean, gogoa berpiztu zen. Aurten, tradizioa ofizialki berreskuratuko da San Martin jaietako astelehenean, uztailaren 6an. Aldaketa batzuk egongo dira: orain astelehenez egingo da berriro, kuadrillen arteko pikearen ostean eta afariaren aurretik.

80 lagun inguruk eman dute izena eta dagoeneko entseguetan dabiltza. Mozorrotuta irtengo dira parte-hartzaileak, bakoitzak nahi duen moduan jantzita, eta Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa abestiari hitzak aldatu dizkiote; izan ere, Aramaixo Herri Eskolako hirugarren zikloko ikasleek, Peru Abarrategi bertsolariaren gidaritzapean, aramaioartu egin dute abestia. Danborradan Alaiak kantu tailerreko kideek abestuko dute hori. Arriolabengoa Alaiak taldeko kide da, eta han ere entseatzen dabiltzala esan du.

German Aginagalde hunkituta dago herrian danborrada berreskuratuko dutelako: "Guk erein genuen hazitxoa hazten ikustea polita izango da". Haientzat, sentimentalki oso esanguratsua da ikustea nola azpiegitura eta ohitura handirik gabeko herri batean inplikazioak eta lanak fruitua eman duten.

Zein anekdota dituzue gogoan?

Mario Etxenausia, sortzaileetariko bat

"Oso danborrada berezia zen. Miren Galindez ile-apaintzailea zen gure salbatzailea; hark makillatzen gintuen eta ileordeak orrazten zizkigun mutilei. Eguerdiko beroarekin, makillajea mantentzea ez zen erraza, baina dotore-dotore irteten ginen".

German Aginagalde, 1974an parte-hartzaile

"Franco oraindik bizi zela, ezin genuen ikurrinik erakutsi, baina gure koloreak -gorria, berdea eta zuria- erabiltzen genituen karrozetan, esaterako. Guretzat festa egun bat zen, juerga egiteko aitzakia, baina baita gure euskal nortasuna agertzeko modu bat ere".

Martin Arriolabengoa, 1975ean parte-hartzaile

"Hamar anai-arreba gara, eta sari berezi bat eman ziguten 1975ean, hamarretik zortzik parte hartu genuelako danborrada hartan. Trofeo moduko bat eman ziguten; egurrez egindako danbolin bat zen, eta goian 8 zenbakia zeukan jarrita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak