Kantuak eta kultura ekitaldiak izango dira protagonista bi astez Aramaion

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko maiatzaren 28a

Bizente Goikoetxea abesbatza.

Musika Astea ospatuko dute, eta bihar, egubakoitza, emango diote hasiera askotariko ekitaldiz betetako egunei.

Bihar, egubakoitza, hasi eta ekainaren 11ra bitarteko egitaraua prestatu dute Aramaioko Musika Astearen baitan, Udalak, Anbotoko doinuak elkarteak, Alaiak jubilatuen elkarteak eta Ikusiz Gozatu zineklubak.

Egubakoitzean, New Yorkeko Lou Reed artista oinarri izango duen solasaldia eta kontzertua egongo dira, eta domekan, abesbatzen topaketa egingo dute.

Domekan, abesbatzak

Aurtengo egitarauko hitzordu berezienetako bat domekan egingo den Gorbeialdea Musikaz Blai abesbatzen topaketa izango da. Seigarren aldiz antolatu dute ekimena, eta lehenengo aldiz egingo da Aramaion. Mairuelegorreta Landa Garapenen elkarteak antolatzen du, eskualdeko abesbatza eta musika eskolekin elkarlanean. Elkarteko teknikari Sugoi Auzmendiren esanetan, ekimenaren helburua da "musika aitzakia edo kohesio elementu bezala hartuta, eskualdeko kohesioa bultzatu, sustatu eta pertsonen arteko ezagutza lantzea". Aurten abesbatzek izango dute protagonismo berezia. Goizean zehar, Gorbeialdeko hainbat herritako koruek emanaldiak eskainiko dituzte San Martin elizan 10:40an, tartean Aramaioko Bizente Goikoetxea abesbatzak, eta 12:15ean kalejira egingo dute Ibarrako kaleetan zehar, musika eskoletako eta bestelako taldeetako partaideekin batera, tartean, Alaiak Kantuan taldeak hartuko du parte.

Auzmendik azaldu duenez, "ikasturtean landutako emanaldiak aurkezteko aukera da eta elkarrekin jardunaldi polit bat pasatzeko eguna ere bai".

Topaketak tokiko merkataritza sustatzeko tartea ere izango du. Parte-hartzaileen artean zozketa egingo dute, eta inguruko negozioetan erabiltzeko bonoak banatuko dituzte.

Domekan, Rondallas pelikula proiekzioa ere egongo da kultura etxean, 19:00etan.

Egitaraua

Maiatzak 29, egubakoitza

  • Solasaldia Joserra Rodrigorekin (gaztelaniaz), LParen Cluba: Transformer, Lou Reed. Udaletxeko pleno aretoan, 17:30ean.
  • Kontzertua Mikel Telleria: Oroit Lou Reed. Sastiñan, 19:00etan.

Maiatzak 31, domeka

  • Gorbeialdea Musikaz Blai Gorbeialdeko musika topaketa, goizez.
  • Pelikula proiekzioa Rondallas. Kultura etxean, 19:00etan.

Ekainak 7, domeka

  • Pelikula proiekzioa DJ Ahmet. Kultura etxean, 19:00etan.

Ekainak 10, eguaztena

  • Ikasleen kontzertua, musika eskolako emanaldia. Kultura etxean, 18:00etan.

Ekainak 11, eguena

  • Alaiak kantuan emanaldia eta kantu-jira, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak