Mikel Telleria: "Zuzenekoetan sortzen den magia lortzen saiatuko gara Aramaion"

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko maiatzaren 27a

Mikel Telleria musikaria. (Argazkia: Pilar Gutierrez).

Mikel Telleria musikariak 'Oroit Lou Reed' estudioko laugarren diskoa aurkeztuko du Aramaion egubakoitzean, Sastiñan, 19:00etan, Musika Astearen baitan. Aurretik, 17:30ean Loud Reed artistaren 'Transformer' lanari buruzko solasaldia izango da, osoko bilkuren aretoan.

New Yorkeko Lou Reed kantariari eskainitako omenezko lana da Mikel Telleria musikariaren Oroit Lou Reed diskoa. Rockaren historian aparteko eragina izan duen musikariari egindako omenaldia da eta Telleriarentzat musika erreferente garrantzitsua izan dena, gainera.

Diskorako euskarazko 10 abesti original sortu dituzu. Nolatan?

Lou Reed-ek kantuak egiteko moduarekin jokatuz egindako disko bat da. Gainera, nahi nuen harenen antza izatea kantuek. Omenaldi bat egin nahi nion, bai haren musikari eta baita artistari ere. Errepikatzen dituen musika-baliabide batzuekin jokatzen du askotan nire ustez, eta entzuleari horiek agerian jartzen saiatu naiz.

Non dago diskoaren jatorria?

Covid pandemiaren ondoren, lagun batekin kontu kontari nenbilen eta Lou Reed atera zen. Halako batean, lagunak aipatu zion Jonan Ordorikak ekoiztutako Lou Reed Mila Esker diskoa, eta ez nuen haren berri. Diskoa entzun eta pentsatu nuen: "Zergatik ez egin disko bat, hark egiten zuen moduan?" Eta halaxe sortu ziren 10 kantu eta diskoan egin diot omenaldi txiki bat Jonan Ordorikari ere.

Nolako kontzertua emango duzu Aramaion?

Oroit Lou Reed disko osoa aurkeztuko dugu, eta horrez gain, sartuko ditugu aurreko Zumeta diskotik kantu dezente baita ere. Aldez aurretik egindako kantu pare bat edo lehenago egindako batzuk ere joko ditugu. Baina kontzertu horren ardatza izango da azken diskoa.

Diskoa harrera ona izaten ari da?

Bai. Bilbon izan ginen duela gutxi, esaterako, eta harrera oso ona izaten dabil, bai. Aipatutako helburua lortu izan dugu. Letrengatik ere galdetu izan dit jendeak eta esan nahiko nuke niretzat musika arloa oso inportantea dela, baina letrekin zoratu egiten naiz, hitz jakin baten bila ibiltzen naizelako, eta niretzako letrak dira musika bezain inportanteak, edo akaso, gehiago ere bai.

Zer sentiarazi nahi diozu publikoari?

Ni publiko naizenean ere gauza bera sentitu nahi izaten dut; emozioa transmititzea. Musikak badu emozioa transmititzeko gaitasun hori eta nire asmoa hori da. Kontzertu amaieran jendeak esaten baldin badu merezi izan duela kontzertuak, ni horrekin, pozik geldituko naiz. Saiatuko naiz agertokian disfrutatzen. Zuzenekoetan magia moduko bat sortzen da eta ea lortzen dugun magia hori sortzea, hori da nire erronka momentu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak