New Yorkeko musikari Lou Reed (1942-2013) eta haren Transformer lana izango du berbetagai Joserra Rodrigo musikan adituak egubakoitzeko solasaldian. Ostean, Lou Reed artistari omenaldia egiteko, Mikel Telleria musikariak kontzertua emango du Sastiñan, 19:00etan.
Aramaioko Musika Astera etorriko zara berriro, LParen Kluba-rekin.
Bai, hirugarrenez parte hartuko dut Aramaioko Musika Astean. Hainbat lekutan garatzen ari naizen proiektua da LParen Kluba, eta oso ondo funtzionatzen ari da. Oinarria Gasteizen dago, Ignacio Aldekoa kultura Etxean, La Florida erdialdean. Kulturgune bat da, nire ustez, han dagoen indartsuena eta bertan hiru edizio egin ditut. Gero, Durangoko Bizenta Mogel liburutegian ere izan naiz. Ondoren, Bilboko Sendagileen Elkargoan ere egin izan dut. Eta Portugaleteko UNEDen ere bai. Baliteke datorren denboraldian Arrasaten ere egitea.
Nolatan sortu zenuen?
Izan nuen asmakuntza bat da Rockaren Eskola Emozionala deitzen dena, eta horrek hainbat seme-alaba izan ditu; horietako bat da LParen Kluba. Ni txikitatik izan naiz diskoen bildumagilea, eta musikarekiko nire pasioa modu zentzumenezkoagoan transmititu nahi nuen, entzunaldien bidez, abestiekiko eta musikarekiko pasioa transmitituz. Eta hor gaude, uste dut hiru urte daramatzagula LPren Kluba-rekin. Iaz Aramaion Dylanen saio bat egin nuen, Audience taldea, etorri zen gero jotzera. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin genuen eta esperientzia errepikatuko dugu, oso leku polita baita, gainera.
Oraingoan, Lou Reed izango duzu berbagai.
Lou Reed-i buruz hitz egingo dut oro har, eta Lou Reeden Transformer lanari buruz hitz egingo dut zehazki. Haren disko enblematikoa da, abesti ospetsuenak ditu. Nik artistaren aurkezpen eta testuinguru moduko bat egingo dut, eta gero, 19:00etan Sastiñan, Mikel Telleriak kontzertua emango du.
Zer esango zenieke herritarrei?
Animatu daitezela etortzera. Eta artista asko ezagutzen ez duen jendea ere animatuko nuke, izan ere, ez da artista ezagutzen dutenendako bakarrik. Entzutea eta abestiez gozatzea da kontua.