Dena dago prest danborradako lehen entsegurako; 80 herritar batuko dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko maiatzaren 14a

Danborrada antolatzen dabilen herritar taldea. (Argazkia: Danborradako lantaldea).

Duela 50 urte inguru San Martin jaietan egiten zuten bezala, aurten danborrada berreskuratuko dute jaietako astelehenean, uztailaren 6an. Haur eta nagusi arituko dira batera eta lehen entsegua egingo dute domekan.

Aramaioko danborrada berreskuratzeko lehen pausoak eman dituzte dagoeneko. Herritarrez osatutako lantalde batek hilabeteak daramatza ekimena prestatzen, eta etzi, domeka, egingo dute lehen entsegua. Helburua da herriko jai nagusiak diren San Martin jaietako astelehenean, uztailaren 6an, danborrada berriz ere kalera ateratzea, ia 50 urte igaro ostean.

Iazko Gaba Baltzak izandako harrerak bultzatu ditu herritarrak ekimena berpiztera; hainbat lagunek danborrak atera zituzten eta danborrada-gogoa sortu zen herrian. Hasieran, 70 lagunek eman zuten izena, baina Oihana Eriz Euskara eta Hezkuntza zinegotziak eta danborradako lantaldeko kideak esan du igotzen doala zifra: "Momentu honetan ia 80 lagun inguruk dute izena emanda danborradan parte hartzeko".

Lehen entsegua domekan izango da, frontoi atzealdean edo eskolapean. 17:45ean, haurren txanda izango da, 3 eta 12 urte artekoena, eta 18:15ean, helduena. Parte-hartzaileei larruzko gerrikoa eramateko eskatu diete, baita "parte hartzeko eta giro ona sortzeko gogoa" ere. Hurrengo entseguak ekainaren 7an eta uztailaren 1ean izango dira, nahiz eta beharra ikusiz gero ekainean beste saio bat egiteko aukera ere aztertuko duten aurrerago.

Bi abesti eta "giro ganberroa"

Aurtengo danborradan bi abesti joko dituzte. Horietako bat Donostiako martxa izango da, baina Aramaioko Bertso Eskolak moldatutako hitz bereziekin. "Esan genezake aramaioartu egin dugula abestia", azaldu du Erizek. Beste pieza Gasteiz jaietan izango da.

"Bi abesti horiekin hasiko gara aurten, eta datorren urtetik aurrera ikusiko dugu ea jendeari gustatzen zaion, eta jarraitzen baldin badugu, agian, datorren urtean sartuko ditugu abesti gehiago", gaineratu du.

Antolatzaileek argi dute zein izango den ekimenaren izaera: "Helburua da ondo pasatzea, eta ez dugu nahi izan danborrada formal bat. Pixka bat ganberroa eta edozeinek parte hartzeko modukoa izatea nahi dugu".

Musikan Eskoriatzako banda izango dute lagun, eta danborrak Oñatitik ekarriko dituzte. "Oso eskertuta gaude Oñatikoekin, jarrera oso ona izan dutelako. Inguruko herrietan ere jai-garaia denez, ez da erraza izan danborrak lortzea", azaldu du Erizek.

Mozorro librea

San Martin jaietako astelehena Mozorro Eguna izanik, parte-hartzaile bakoitza nahi duen mozorroarekin joango da jantzita. Danborradako lantaldeak aztertu egin zuen txapel berdina erabiltzea guztiek, baina, azkenean, mozorroa libre uztea erabaki dute.

Danborrada kalez kale egingo dute eta Bizente Goikoetxea plazan amaituko da.

Kuadrillen arteko pikearen ostean eta afaldu aurretik egingo dute danborrada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak