Jai batzordea lehen aldiz batu zen atzo arratsaldean udaletxean. Lehenengo, azken bi urtetako gastuak erakutsi zieten han izan zirenei, ideia bat izan zezaten, diru gehien nora bideratzen den jakiteko. Besteak beste, kultura sailekoek adierazi zuten txosnaguneko eta plazako kontzertuak izaten direla diru gehien bideratzen diren ekintzak eta herritar batek azaldu zuen askotan plazako erromeria eta txosnaguneko kontzertua aldi berean egoten izan direla eta hori aztertzea komeni zela, besteak beste.
Kultura zinegotzi Libe Ramilak adierazi zuen, lehen bilera izateko, "ikuspuntu interesgarriak" izan zirela eta uste duela iritsiko direla adostasun batetara.
Danborrada hizpide
Danborradaren gaia ere irten zen. Izan ere, iazko Gaba Beltza ospatzean, danbor batzuk atera zituzten herritar batzuk eta jaietan danborrada egiteko gogoa piztu zitzaien. "Polita izan da, bileran izandako batek danborrada ezagutu zuelako. Orain dela 40 urte inguru desagertu zela uste dut", esan zuen Ramilak. Gaineratu zuen danborrada herrikoia izaten zela eta jendea mozorrotuta joaten zela.
Danborrada egitea erabakitzen bada, baina, Ramilak azpimarratu zuen lantalde paralelo bat jarri beharko litzatekeela martxan, danborradak eskatzen duelako arduradun bat gidatzeko eta entseguak egiteko. Ez zuten horretarako datarik jarri momentuz.
Hurrengo bilera
Hilaren 24an elkartuko da berriro jai batzordea 17:00etan, udaletxean.