Aramaioko EAJk salatu du Aramaioko Udalak "legezko euskarririk gabeko estrukturalak diren" hainbat udal-zerbitzu dituela kontratatuta. Ekaineko azken eguenean egin zuten ezohiko bilkura jeltzaleek eskatuta, eta besteak beste, EAJko ordezkariek mahai gainean jarri zituzten Aramaioko Udalak azken hilabeteetan izan dituen edo datozen hilabeteetan duen epaiketa: hala nola, kultur etxeko bi langileena, euskara teknikariaren lanpostuarena eta aparejadorearena. Herritarrak eta kaltetuak ere izan ziren bilkuran.
Hiru lan-kontraturen eztabaida
Jeltzaleek adierazi zuten, besteak beste, kultur etxeko bi langileek 12 urte daramatzatela kontratu barik, edota aparejadorearen zerbitzua zuzeneko esleipen bidez kontratatzen dela 2009tik. Gai horren bueltako bi salaketa ditu Aramaioko Udalak, baina jeltzaleek salatu dute Udalak interesa duela aparejadorearekin akordio batera heltzeko, eta ez kultur etxeko langileekin. Hala, euskara teknikariaren lanpostuaren kasuan, jeltzaleek adierazi zutenez, oinarriak aldatu egin ziren, eta esleipenean ere irregulartasunak egon ziren. Hala, epaiak arrazoia eman dio kaltetuari eta, euskara teknikariaren plaza izateko eskubidea izango du.
"Kasu honetan, egunero ari gara gauzen berri izaten, gehienbat kaletik. Guk ez dugu jaso ezer ez. Badakigu daudela aparejadorearena, Ostadarrena, landa garapen dinamizatzailearena, euskarako teknikariarena… Ez da kontratu bat, hainbat kontratu dira, eta gehienak iraungita daude. Ez iraungita sei hilabete edo urtebete. Kasu batzuetan, 12 urte, KPIa igo gabe. Estrukturalak dira, eta ahal izango ziren egonkortu, baina ez dira egin. Jendea egoera oso txarrean dago, eta epaitegira jo dute. Hala eta guztiz ere ez da ezer konpontzen", zioen ezohiko bilkuraren ostean EAJko bozeramaile Alberto Amenabarrek.
Udal Gobernuaren erantzuna
Aramaioko alkate Asier Agirrek erantzun zuen esanez, zaila zela adieraztea osoko bilkura batean –dokumentazioa aurrez pasa gabe–, zergatik dagoen akordio bat batzuekin eta besteekin ez, baina azaldu zuen kultur etxeko kasuari buruzko hiru txosten dauzkala mahai gainean, akordio hori "ez dela bideragarria" adieraziz. Udalak elkartasuna erakutsi die kaltetuei, eta onartu du Udalak gaizki jokatu duela, asko luzatu delako kontratazioa: "Udalaren aldetik hor dauden langileei elkartasuna besterik ezin diegi adierazi. Udalak gaizki jokatu du, luzatu egin delako asko kontratazioa. Duela 12 urte berriztu behar zen. Ez zen berriztu, baina momentu batean epaitegietara heldu da. Orduan, epaitegietan dagoen bitartean, deklarazio gutxi egingo ditugu, udal gobernu taldetik".
Aramaioko alkatea harritu egin da jeltzaleek izan duten jarrerarekin. Iruditzen zaio ez dela gai politikoa, eta nabarmendu du udalbatzako ordezkariak herrian lan egiteko daudela: "Gu ez gaude politika egiteko hemen. Gu herrian lan egiteko gaude. Nik asko sentitzen dut, batzuk botoak lortzea nahi badituzte, horrelako gaiekin. Tristea iruditzen zait, udaletxeak gaizki egin du pleguak ez berritzen, baina ez dut uste gai politiko bat denik. Eta, mesedez, EAJri adieraziko diogu ez erabiltzeko gai politiko moduan gai hauek".
EH Bilduren erantzunaren aurrean EAJk irizten dio ez dutela borondaterik egoerari konponbidea bilatzeko.
Ohiko osoko bilkurak emandakoa
Ezohiko osoko bilkuraren ostean, ekaineko ohiko osoko bilkura egin zuten. Onartu zituzten gaien artean, aho batez onartu zuten aparejadorearen lan-harremana aitortzeari buruzko hitzarmen transakzionala onartzeko proposamena, udal langileak eskatuta, edota Leintz Gatzagako Udalarekin lankidetza hitzarmena egitea han egonkortuta dagoen Landa Garapeneko teknikaria Aramaioko Udaletxera etor dadin zerbitzua ematera.
Bestalde, kreditu txertaketak ere egin zituzten, datozen hilabeteetan ur-sarean egingo duten inbertsioagatik –191.373,60 euro–, eta eskolaren eta kultur etxearen bueltan jarriko duten biomasa galdaragatik –594.997,38 euro–. Asmoa da uztailean ateratzea lizitazioak eta uda ostean lanekin hastea.