Euskaraldia 2025

Jesusa Bergaretxe: "Geurea zaindu egin behar da; guk ez badugu zaintzen, nork zainduko du?"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 22a, 15:00

Aramaioko baserririk altuenean bizi den Jesusa Bergaretxe (Aramaio, 1946) herriko hamaikakoko kidea da eta 'ahobizi' rola izango du Euskaraldian; dena den, bi rolak egiteko prest dagoela aurreratu du.

"Ia-ia oraintsu arte" ez zekien zer den Euskaraldia, baina parte hartzea erabaki du, nahiz eta harendako ez duen "horrenbesteko garrantzirik", euskaraz bizi delako: "Euskaraldia urte guztia da niretzako".

Guraso euskaldunak zituen eta bizitza osoan euskaraz egin du; gainera, orokorrean, euskara gehiago erabili du beste hizkuntza bat baino. "Uste dut euskalduna izateko euskaraz jakin behar dela. Nire pentsaera hori da. Agian, gogorra izatea da, baina...", azaldu du. Ez du "batere ondo eroaten" euskaraz dakiten horiek erdaraz hitz egiten entzutea, eta, dioenez: "Geurea zaindu egin behar da. Guk ez badugu zaintzen, nork zainduko du? Nori eskatuko diogu?". Haren iritziz, erronka nagusia da jendea konturatzea dugun horretaz.

Euskarazko hitzak galduz doaz

Aramaioko euskarazko hitzak galtzen ari direla irizten dio: "Bizitza osoan mokorra esan dut; orain, hamarretik bederatzik kaderie esaten dute. Eskumuturra esateko, muñekie... Belarria mindu egiten zait".

Euskararekin lotura zuzena izaten jarraitzen du; izan ere, astelehenero bi orduz euskarako saioetara joaten da, ortografia lantzera, beste zazpi lagunekin: "Erdaraz ikasi genuen, eta ez daukat ortografiarik. Erdarazkoa gutxi, eta euskarakoa batere ez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak