Euskaraldia 2025

Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute Aramaion

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko api. 12a, 10:55

Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren ediziorako osatu dute hamaikakoa Aramaion ere. Egubakoitz arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta orduan eman zituzten ezagutzera izenak. Txirritolak antolatutako Euskaraldiko lehiaketako sariak ere eman zituzten.

Aramaioko ahobizi eta belarriprest-ekin osatu dute Euskaraldiko laugarren edizioko hamaikakoa. Aurrez ordea, Xabi Igoa eta Paula Amilburu bertsiolariak aritu ziren bertsotan ekitaldiari hasiera emateko.

Astean zehar, herritar horien pistak eman dituzte, eta atzo, herriko plazan aurpegiak jarri zizkieten hamaikakoari herritarrek. Olga Goikoetxea, Elena Zubizarreta, Jokin Balanzategi (argazkian, Izar Elorza), Maria Izaga (argazkian, Aitor Ugarte), Bittor Kortabarria, Jesusa Bergaretxe, Oihana Ormaetxea, Iñaki Vazquez, Joseba Jauregi, Judith Becerra eta Markel Arriolabengoak osatu dute aurtengo edizioko hamaikakoa.

Xabi Igoa eta Paula Amilburu bertsotan, ekitaldiaren hasieran. (Argazkia: I.A.A.).

Hamaikako parekidea

Txirritola Euskara Elkartea dabil Euskaraldia antolatzeko lanetan. Aitziber Aginagalde Txirritolako kideak azaldu du hamaikako parekidea egitea zela asmoa, sektore ezberdinetan lan egiten dutenak, eta adin ezberdinetakoak izatea. Aitortu du ez dela erraza izan hamaikakoa osatzea, baina azkenean lortu dutela.

Hamaikakoaren lehiaketa ere antolatu zuten, eta irabazle nahiz sarituei sariak eman zizkieten. "Lehiaketan batzuk asmatu dute hamaikakoa osorik. Hala, denen artean zozketa egin dugu eta sariak banatu ditugu".

Hamaikakoaren konpromisoa

Jesusa Bergaretxe da hamaikakoko kideetako bat, eta euskarak garrantzia handia dauka bere egunerokotasunean. Euskaraz bizi dela dio, eta ama-hizkuntza "asko maite" duela. Aramaioko euskarari buruzko hitzak ere izan ditu gogoan, asko galtzen ari baitira haren esanetan. "Askok ez dituzte berbak ulertzen, eta berba asko galtzen ari dira. Erderakoak hartzen dituzte asko. Adibide bat: mokorra; kaderie. Nik asko sufritzen dut horrekin. Gustatzen zait izena edukiz gero, behinik behin euskaraz esatea. Hitz batzuk ez daukate euskarazko adierarik berriak direlako, baina besteak...".

Markel Arriolabengoa pilotariak dio euskal pilota aldetik eskatu dietela parte hartzeko, eta bera dela ordezkaria. Gustu handiz hartu du proposamena. Euskararen garrantziaz azaldu du "gure hizkuntza" dela, eta egunero erabiltzen duela: "Aparteko hizkuntza da, eta ez galtzea oso garrantzitsua da. Euskaraldia garrantzitsua da jendeak gure hizkuntza ikus dezan".

Elena Zubizarretak lehen aldiz hartuko du parte Euskaraldian. Euskara gurasoek irakatsitako hizkuntza izan da, eta aitortu du seme-alabei ere erakutsi diela. Ahobizi izango da eta horrek zer pentsarazi eman dio: "Ez dut hartu parte. Normaltasunean egiten dut euskaraz eta kanpainan ez dut parte hartu. Aurten parte hartuko dudan galdetu dit ezagun batek eta baietz esan diot. Nire hizkuntza da".

Hamaikakoa aurkeztuta, maiatza hasieran txapak banatuko dituzte eta orduan ere egongo da aukera Euskaraldian izena emateko.

Aramaioarrak hamaikakoaren aurkezpenean. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak