Aramaio bizi baten aldeko aldarria egin dute herritarrek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 15a, 16:40

Aramaixo Bizirik taldeak antolatuta, herriko hainbat eragilerekin batera, Aramaixo bizi-bizi eguna ospatzen dabiltza gaurkoan; aldarrikapen eguna ez ezik, ospakizunerakoa ere badela adierazi dute antolatzaileek, Espainiako Gobernuaren ezezkoa jaso ondoren Itsaraz proiektuak.

Herri txikiak "egoera zaurgarrian" daudela salatu du gaurkoan Aramaio Bizirik taldeak, "batez ere landa eremuan kokatzen" direnak, eta galtzeko arriskua, horrenbestez, "handia" dela: "Ez da kasualitatea: Europa eta gobernu zentraletatik sustatzen diren politika eta neurriek noranzko batera bultzatzen dute artaldea, hirietara, ikuilura, baina gaurkoan erakutsi nahi dugu gu ardi beltzak garela, eta Aramaioko larreetan aske bizi nahi dugula".

Manifestazioan egin dituzte gaurkoan Aramaixo bizi-bizi eguneko aldarrikapen nagusiak, baina aurretik ekin diote egitarauari: mendi martxa egin dute goizean, eta tontorrean 50 lagun inguru batu direla adierazi dute antolatzaileek; horrez gain, gosari-tertulia zegoen antolatuta, energia trantsizioaren auziaz hitz egiteko, baina bertan behera utzi dute, ez baita jende asko animatu.

Ospakizunean aldarriak

Itsaraz proiektuak –Statkraft enpresa norvegiarrak Aramaio eta Eskoriatza artean egin asmo zuen 60,4 megawatteko potentziadun parke eolikoa da– urtarrilaren 16an jaso zuen Espainiako Gobernuaren ezezkoa, eta Aramaixo Bizirik taldeak "oso positiboki" baloratu zuen Trantsizio Energetikorako Ministerioaren ebazpena. Taldekideek, horrenbestez, gaurko eguna ospakizuntzat uler daitekeela azaldu dute, baina, hortaz harago, badirela aldarriak, Beñat Arregiren hitzetan: "Eguneroko bizitzari egin nahi izan diogu gorazarre egun honekin, baina kontuan hartu nahi izan ditugu bizitza honetan sufriarazten gaituzten edo ongizatearen aurka doazen hainbat gai". Esate baterako, adibidetzat aipatu du "kapitalismoaren azkartasuna" eta "kontsumo kontrolatu gabea: azkenean, gizarteak erritmo azkar eta kontsumo infinitura bultzatzen gaitu, eta energiaren auzia ere horretan dago oinarrituta. Horren erakusle da kontsumo energetiko globala hazten dabilela; hori kapitalismoaren erakusgarri da".

Horrez gain, trantsizio energetikoari dagokionez, taldekideek adierazi dute "otso berri bat" dela, "gure etxea bota nahian" dabilena: "Berriztagarrien urrezko aroan gaude. Plaka fotovoltaikoak eta parke eolikoak han eta hemen. Aurrez natura era masiboan ustiatzen zutenek krisi ekologikoaren gaineko kontzientzia hartu dutela dirudi. Enpresak, instituzioak nahiz alderdi politikoak energia berdeaz mintzatzen dira, naturaren zaintzaz, ongizate sozialaz (...) Baina, dena ez da arrosa kolorekoa –edo, kasu honetan, berdea–. Energia berriztagarrien izenean, lurra txikitzera datozen proiektuak finantzatzen ari dira, merkatuaren beharrak herritarron ongizatearen aurretik jarriz".

Era berean, instituzioak jokatzen dabiltzan rola "seinalatu" dute, Lurralde Plan Sektorialaren behin-behineko onartzea adibidetzat: "Makro berriztagarrien zabalpenerako bidea erraztea da plan honen helburua, kontuan izan gabe horrek ekar ditzakeen ondorio lazgarriak. Hortaz, Aramaiotik ere LPSa bertan behera gelditu dadila exijitzen dugu".

Eskerrarekin batera, deialdia

Taldekideek, manifestazioaren amaieran, eskerrak eman dizkiete gaurko eguna posible egin duten guztiei, herritarren artean antolatutako egun bat izan baita. Dena den, argi adierazi dute badagoela zer egina aurretik: "Aramaioarrondako ospakizun eguna da, baina ez dezagun ahaztu bidea ez dela hemen amaitu. Oraindik asko daukagu egiteko, baina denon laguntzaz lortu dezakegu gure mendiak eta gure bizitzak, oro har, duinak eta kalitatezkoak izatea".

Azkenik, Euskal Herria Bizirik-ek martxoaren 22an Gasteizen egingo duen manifestaziora joateko deia zabaldu dute antolatzaileek, "indarrak batuz soilik lortu baitezakegu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak