Aramaixo Bizirik-ekoek modu positiboan baloratu dute Itsarazek Espainiako Gobernuaren ezezkoa jaso izana

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 5a, 10:34

Itsaraz zentrala jartzea aurreikusita zegoen, besteak beste, Danborralde menditik ateratako argazkia. (Argazkia: Aramaixo Bizirik).

Modu positiboan baloratu du Aramaixo Bizirik taldeak, urtarrilaren 16an Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak Itsaraz proiektuaren aurkako erabakia hartu izana.

Itsaraz proiektuak Espainiako Gobernuaren ezezkoa jaso ostean, horrela baloratu du erabakia Aramaixo Bizirik taldeko Beñat Agirrek: "Oso positiboki baloratzen dugu Ministerioaren azken ebazpena. Egia esanda taldean geundenok bageneukan esperantza proiektua atzera botako zena, eta, herrian, egia esan, bizilagunek eta biztanleek hasieratik nahiko etsipenezko jarrera zuten, Aramaion trenaren kontuarekin ere nahiko esperientzia txarra daukagulako. Guk gure argumentuak bagenekien sendoak zirela, baina azkenean hori erabaki tekniko bat izaten da eta eskertzen dugu batez ere Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek landu zuten txosten hori, izan ere, horren bidez bota ahal izan da atzera. Eta Madriletik etorri den ebazpena, nire iritziz, nahiko inpartziala eta teknikoki oso zuzena izan da".

Agirrek gogora ekarri du taldearen hastapena: "Aramaixo Bizirik sortu zen proiektu horren kontra baino gehiago, aurrekaria egon zelako Jarindon. Izan ere, bere egunean bazegoen asmoa jartzeko orain Asentzio mendian jarrita dagoen moduko torre bat haizea-eta neurtzeko dena. Hor batu ginen, eta, nahiz eta Itsaraz atzera bota duten, Jarindon bertan badago beste proiektu eskaera bat –nahiz eta oraindik aurreproiekturik ez den aurkeztu–, eta inguruan ere badaude beste proiektu batzuk, beraz, gurearekin aurrera jarraitzeko asmoa daukagu".

Eskerrak, alboan izan dituztenei

Eskerrak ematea ere nahi izan dute Aramaixo Bizirik-etik: "Denbora honetan zehar, beste hainbat taldek eta kolektibok uneoro eskaini izan diguten laguntzagatik eskertuta gaude". Euren garaipena izango balitz bezala hartzea nahiko luketela adierazi dute, eta baita, proiektuaren aurka alegazioak sinatzera batu diren norbanako bakoitzarena ere.

Etorkizuneko erronkak

Energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartzear dago Legebiltzarrean, baina horrek dituen "hutsune eta kontraesan nabarmenak" berriro azaleratu direla ere gaineratu dute, ebazpen horren ondorioz, eta hau gaineratu: "Esaterako, LPS-aren testuinguruan energia eolikoa ustiatzeko aukeratutzat jotzen diren hainbat eremutan, Ministerioaren ebazpenak argi utzi du ez liratekeela zentral eolikoak eraiki behar. Eremu horietako bat gure herrian bertan dagoen Jarindo mendia dugu. Horrengatik, LPSaren onarpena bertan behera uztea exijitzen dugu eta behingoz lanketa sakon bat hasteko gonbitea luzatzen diegu alderdi politiko guztiei".

Aramaixo Bizi-Bizi eguna eta manifestazioetarako deia

Taldetik adierazi dute "gure herriaren eta mendien defentsan borrokan" jarraituko dutela, "landa eremuan bizitza duin baten alde eta Aramaio bizigarri baten alde". Amaitzeko, otsailaren 15ean Aramaion ospatuko den Aramaio Bizi Bizi egunean parte hartzeko deia egin dute, eta baita ere, otsailaren 1ean Iruñean eta martxoaren 22an Gasteizen antolatuko diren manifestazioekin bat egitera ere gonbidatu dituzte herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak