Aitor Arana: "COVID iraunkorra oso gogorra da, bizitzeko motibo bat topatu behar duzu"

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ots. 13a, 16:49

COVID-19ak bost urte beteko ditu laster, baina gaitzak oraindik ere badu isla gizartean: COVID iraunkorra duten pertsonetan. Horiek artatzeko, Osakidetzak unitate berezi bat abiatuko du hilabete honetan, Basurtuko ospitalean. "Berri ona da, baina zuhurtziaz hartu beharrekoa", COVID Iraunkorra duen Aitor Arana aramaioarraren esanetan.

Txinan sortutako gaitza laster zabaldu zen Europara ere. Aretxabaletar batena izan zen Gipuzkoan atzemandako lehen kasua. 2020ko otsailaren 28a zen, eta ondoren etorri ziren beste guztiak: 5.724 lagunek izan zuten gaitza lehen urtean, Debagoienean.

Lehen kasuak agertu zirenetik bost urte igarotzeko puntuan, COVID iraunkorra duten pertsonak artatzeko unitate berezi bat abiatuko du Osakidetzak hilabete honetan, Basurtuko ospitalean. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek aurreratutako informazioaren arabera, kasu "larriak eta konplexuak" artatuko dituzte, bereziki, baina kasuak asko eta askotarikoak direnez, ikusteko dago nola jokatuko duten. Neurologia eta Erizaintza zerbitzuen mende egongo da unitatea eta hainbat diziplinatako profesionalek parte hartuko dute. Asmoa da, gainera, Araban eta Gipuzkoan ere unitate bana zabaltzea.

Egunerokoa, "gogorra"

Aitor Aranak bere egunerokoa zein den kontatu du: "Monotonoa eta gogorra, batez ere, psikologikoki". 2020ko abendutik dago "bizitza normaltasunez egin ezinik, minez eta nekatuta".

Basurtuko unitate berritik deia jasotzeko zain dago orain; izan ere, kontsultarako hitzordurik ez du oraindik, baina bertan artatu dezaten idatzia egina du jada bere neurologoak.

Bien bitartean, Euskal Herrian COVID iraunkorra dutenen elkartetik euren aldarrikapenak kalera ateratzen jarraituko dute, hilero, 15ean; are ozenago martxoaren 15ean, COVID iraunkorraren Nazioarteko Egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak