Helduak eta gaztetxoak batera Aramaioko bigarren Bertso Egunean

Gontzal Belategi Zubia 2025ko ots. 10a, 16:03

Aramaioko bigarren Bertso Eguna egin zuten egubakoitzean, Sastiñan. 50 pertsona inguru bildu ziren bertsoez gozatu eta Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketan parte hartuko duen Izena Pentsau Bida 2 taldea ezagutzen.

Martxan da Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Txapelketaren lehen fasean, taldeak aurkeztu ahal izateko, Bertso Egunak antolatzeko betebeharra dute taldeek, eta egubakoitzean egin zuten Aramaioko bigarren Bertso Eguna, Sastiñan. Izena Pentsau Bida 2 taldea aurkezteko baliatu zuten eguna. Manex Agirre, Gari Arexolaleiba, Aitor Ugarte, Eñaut Olaziregi, Iraide Onaindia, Olatz Zuazubiskar, Iker Elexpuru, Maialen Torres eta Gillen Agirrek osatzen dute taldea.

Ez da Kuadrilla Arteko Txapelketan aurkeztu den herriko talde bakarra. Izena Pentsau Bida 2 taldeaz gain, Bañera FT eta Aramaixoko Taluek taldeak ere aurkeztu dira. Hiru talde aurkeztu izana Aramaion bertsolaritza osasuntsu dagoenaren frogatzat dute, eta bide horretatik, bertso eskolako kideek talde guztien belaunaldiartekotasuna nabarmendu nahi izan dute. "Belaunaldi asko batzen gara taldeetan. Denon artea banatzen gara eta talde politak irteten dira" adierazi du Izena Pentsau Bida 2 taldeko bertsolari den Gari Arexolaleibak.

Etorkizuna bermatuta

Izena Pentsau Bida 2 taldea ez zen izan oholtzaratu zen bakarra. Hauekin batera, bertso eskolako gaztetxoenek osatutako Izena Pentsaute Dau taldea igo zen. Bi taldeek elkarrekin egin zuten bertsotan, Olatz Zuazubiskar gai-jartzailearen gaiei erantzunaz. Gaztetxoen parte hartzeak bertsoek etorkizuna ere badutela frogatu zuen Sastiñan. "Gazte asko ikusi ditugu gaur kantuan. Gure ostean jende berria etorriko da, eta pozik gaude" adierazi du Eñaut Olaziregik, Izena Pentsau Bida 2 taldeko kideak.

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa ez da bertsolaritzan ohiko suertatzen den banakako txapelketen gisakoa. Taldeka osatzen den txapelketa da, baina, talde hauek ez dira soilik bertsolarienak; gai-jartzaileak, epaileak eta bestelako laguntzaileak ere taldearen parte izaten dira. Modu horretan, bertsolaritzaren sareak zabaltzeko aukera izaten dute bertsolari arabarrek, eta nola ez, dibertitzekoa. "Adin ezberdinetako taldeak gara, eta horrela gazteok asko ikasten dugu helduagoengatik. Asko dibertitzen gaitu", azaldu du Olaziregik. Arexolaleibak azaldu duenez, taldeak ez dituzte irabazteko helburu batekin egiten. Bertso eskolako kideen arteko harremanak sendotu eta ondo pasatzea izaten da beraien helburua: "Taldeak ez ditugu irabaztera joateko egiten, ondo pasatzeko eta bertso eskolan loturak sortzen joateko egiten ditugu" gehitu du.

Aramaixoko Taluek izango da azkena aurkezpena egiten. Otsailaren 14an egingo dute, Gorbeialdeko Bertso Egunean, Legution. Bañera F.T. taldeak otsailaren 28an izango ditu fialerdiak, Narbaizan, 4 gara (Lautada) eta Ganbarakoak (Añana) kuadrillekin batera. Izena Pentsau Bida 2 taldeak etxean jokatuko du, martxoaren 9an, Txandrio (Arabar Errioxa), Inkostantinkoplan potoz poto (Gasteiz) eta Pintto Pintto (Gasteiz) kuadrillekin. Aramaixoko Taluek taldea martxoaren 23an lehiatuko da, Gillernan, Gorringo (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Arlobiko bardoak (Urkabustaiz-zuia, Gorbeialdea) taldeekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak