Aramaion energia-komunitatea sortzeko prozesuari ekin zioten orain dela hilabete batzuk, eta hamar laguneko lantalde batek interesa du prozesuan parte hartzeko, baina herritar gehiagorengana iristeko asmoz antolatu du Udalak mahai-ingurua. Hauxe esan du energia-komunitateen bidelagun den Goienerreko Oier Etxebarriak: "Hasi ginen aurreko udazkenean; orduan bilera batzuk egin genituen, eta oso ondo joan zen, baina herritar gehiago batzea interesgarri ikusten genuen, eta saio honekin aukera izan dugu inguruko beste energia-komunitate batzuen esperientziak ezagutzeko, eta ea jende gehiago animatzen den".
Esperientziak partekatu dituzte
Elgetako Ixotzen energia-komunitateko Ibai Larrañagak, esaterako, honela azaldu du euren esperientzia: "Elgetan 2022an abiatu genuen prozesua, Udalaren eskutik. Energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko proposamena egin ziguten herritarroi, eta talde txiki bat hasi ginen lanean. Gaur egun, kooperatiba bat daukagu osatuta, eta lehenengo instalazioa martxan jartzen gabiltza".
Eskoriatzan ere badute energia-komunitatea. Iazko udazkenean aholkularitza jaso zuten, Goienerren eskutik: autokontsumoa, argindar-faktura irakurtzen eta interpretatzen ikasi… Guztira, 120 bat familiak erakutsi zuten komunitateko kide izateko interesa, eta pozik daude orain artekoak eman duenarekin, bertako Nestor Aranaren esanetan: "Duela bi urte, neguan, aholkularitza-zerbitzu
bat eman genuen eta 120 familiak parte hartu genuen. Gogoratu behar da garai hartan gasaren
prezioa oso altu zegoela, eta, gutxi gorabehera, kalkulatzen dugu familiako 1.000 euro aurreztu zirela. 120 familiak hartu zuten parte; beraz, estimatzen dugu 120.000 euro aurreztu zirela. Hortik ikus daiteke komunitate batek zein ekarpen egin diezaiokeen herriari".
Gizartea komunitateetan antolatzearen garrantziaz ere egin dute berba, eta auzolana beste
esparru askotara zabal daitekeela azaldu dute. Bukatzeko, herritarren zalantzak argitu dituzte.