Auzo-konpostaje guneen bilera informatiboa egingo dute martitzenean

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko abe. 11a, 12:01

Osteta kaleko auzo-konpostaje gunea, asteon.

Tokian tokiko konpostajea sustatzeko ekimenaren baitan, Ibarran dauden bi auzo-konpostaje guneetan parte hartzeko irizpideak eta jarraibideak azaltzeko informazio bilera deitu du udalak hilaren 17rako, martitzenerako, 18:00etan.

Aramaion sortzen den hondar organiko guztia herrian bertan tratatu eta kudeatzeko helburu eta estrategiaren baitan, udalak auzo-konpostaje guneei buruzko bilera informatiboa deitu du martitzenerako, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:00etan.

Gaur egun Ibarran bi auzo-konpostaje gune daude, baina Gorbeialdeko Ingurumen teknikari Jon Toñak adierazi du asmoa dutela herriko auzo-konpostaje guneen azpiegitura handitzeko, eta, horrela egingo dela 2025. urtean zehar. Izan ere, gaineratu du gaur egun Aramaion auzo-konpostajea egiten dutenen parte-hartze maila "ona" dela, baina hori "hobetzea" dela euren asmoa. 

Bilera, interesa dutenendako

Bilera zuzenduta dago auzo-konpostaje gunetan parte hartzeko interesa daukan edozein herritarri, baina bereziki gonbidapena modu zuzen batean bideratu diete Aramaioko elkarte gastronomikoetako lehendakariei eta horietako gainerako kideei. Hauxe azaldu du Toñak: "Bereziki elkarte gastronomikoetako lehendakariei zuzentzen diegu deialdia, ondo dakigulako elkarte gastronomiko horiek direla kantitate aldetik hondakin organiko edo biohondakin gehien sortzen diren guneak. Beraz, eurei zuzendu nahi izan gara bereziki. Baina deialdia zabalik dago interesa daukan edozein herritarri. Guztiei animatzen diegu auzo-konpostaje guneetan parte hartzera".

Bileraren helburua 

Auzo-konpostajearen funtzionamendua zein den azalduko dute bertan, horietan parte hartzeko bete behar diren irizpideak zehaztuko dituzte eta jendea parte hartzera animatu nahi dute. Izan ere, Aramaion eta baita Gorbeialdeko Kuadrillan biohondakinen kudeaketarako bultzatzen ari diren estrategia oinarritzen da hondar organikoaren tratamendu lokalean eta bi aukera eskaintzen dituzte; etxeko konposta indibiduala egitea edo auzo-konpostajea.

Irizpideak edo jarraibideak

Auzo-konpostajea egiterakoan garrantzitsuena da gaikako bilketa zorrotza egitea: "Organikoaren tratamenduak daukan berezitasun edo baldintzetako bat da oso hondar organiko garbia edo gordina jaso behar dugula, tratamendua gero ondo egin ahal izateko. Eta horrek eskatzen duena da jatorrian, bereizketa horretan, oso zorrotz jokatzea", azaldu du Toñak. Herritarrak gonbidatu ditu bilerara joan eta informatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak