Itsaraz parke eolikoaren gaineko azken berriak azaldu dizkie Aramaioko Udal Gobernuak herritarrei. Asier Agirre alkateak gidatu du, eta, herritarren jakin-mina pizten duen gaia izanik, askotariko profil eta adinetako hainbat pertsona izan dira, azalpenak entzun eta gaiaren inguruko zalantzak plazaratzen.
172 metroko diametroa eta 200 metroko altuerako aerosorgailuak izango lituzke parkeak, eta Itsaraz parke eolikoaren proiektua martxan dagoela azaldu du Agirrek bileran zehar.
Udala, kontra
Parke eolikoa gauzatzearen ardura duten enpresen tramitazioak aurrera doaz, eta lurjabeei gutunak ere iritsi zaizkiela adierazi dute. Udalak proiektuarekiko aurkakotasuna erakutsi du, eta euren esku dagoena egiten dabilela azaldu. Hala ere, bi aldeen erritmoak "oso ezberdinak" direla aitortu du Agirrek: "Diru asko joan zaigu dagoeneko borroka honetan. Eta guk garbi daukaguna da proiektu honi ezetz, horrela ezetz. Orduan, horren aurrean aztertuko ditugu dauzkagun aukerak. Plan berezia guk ez dugu uzten, ez dugulako ikusten, baina ingurumen inpaktua onartzen baldin badiote eta interes orokorreko proiektu bat dela onartzen baldin badute, hor guk eskumenak galduko ditugu. Baina haiek hori lortu artean, guk jarraituko dugu gurea defendatzen".
Bileran zehar, "Estatuan energiaren gaiak jasaten duen tratamendua" salatu zuten, zentzurik ez duela adierazita, eta proiektuak Aramaiorentzat onurak ekarriko dituela gezurtatu, Abiadura Handiko Trenaren lanekin "berdina" esan zela gogorarazita: "Argindarra leku batean sortu eta beste batera eramateak ez du zentzurik. Gasteizen ipintzen dituzte eguzki plakak eta Zierbenara eraman, Zaragozan sortu energia eta Gasteizera ekarri, Aramaion sortu energia eta Abadiñora eraman... Bien bitartean, jende pila bat diru mordo bat irabazten dabil gure kontura, eta ez dena egia da eolikoek hona aberastasuna ekarriko dutenik".
Herritarren artean kezka sortzen duen gaia da eta Aramaixo Bizirik herri plataformaren bidez hainbat mobilizazio eta ekimen egin dituzte, esaterako. Agirre pozik dago herritarren inplikazio mailarekin. Eta eguaztenean egindako bilera herritar baten parte-hartzearekin amaitu zen; "Espainiako Estatuan estilo horretako hainbat proiektu" atzera botatzen dabiltzala aipatu zuen, eta esperantza zantzu bat badagoela azpimarratu.