Barajuengo Torralde Dorrearen arrasto arkeologikoen bila

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ira. 16a, 09:14

Torralde Dorrea eraikita egon zen lursaila Barajuenen, airetik. (Argazkia: Aramaioko Udala).

Barajuen auzoan zegoen Torralde Dorrearen lursailean indusketa lanak egingo ditu Foru Aldundiak. Lanak udazkenean hastea aurreikusten da; lehenik, "balorazio-zundaketa" egingo dute, arrasto arkeologikoak kontserbatzen ote diren jakiteko.

Barajuen auzoan zegoen Torralde Dorrearen lursailean ikerketa arkeologikoak egingo ditu Arabako Foru Aldundiak, eta, indusketa martxan jarri aurretik, auzolanean garbitu zuten eremua aurreko zapatuan hamabi herritarrek, Ondare Babeseko arkeologo eta proiektuaren zuzendari Aitziber Gonzalezen laguntzarekin. "Pinudi bat zegoen, eta kendu zutenean desastrea izan zen. Arrastoak mugitu eta alteratu egin zituzten. Orduan, zapatuan zuhaitzak eta zuhaixkak kendu genituen, azalera osoa ondo ikusi eta lanak egiterakoan makinak sartu ahal izateko; baita lekua garbi izateko zangen kokapena hobeto zehazteko", adierazi du Gonzalezek. Lanen hasiera data, ordea, zehazteke dago, baina aurreratu du udazkenean ekingo dietela.

Aurrena, balorazio-zundaketa

Ondare Babesak jasota duenez, Gasteizeko Micaela Portilla ikerlariaren arabera, 1978an eraikinaren oinplanoa identifikatu zen; baita haren inguruko lubanarroaren eta kontrafosoaren aztarnak ere. Orain, datozen hilabeteetan "balorazio-zundaketa" egingo dute, eraikinaren arrasto arkeologikoak eta arkitektonikoak kontserbatzen diren edo ez jakiteko. Ondare Babeseko arkeologoak azaldu duenez, horretarako, 20 metroko luzera eta bi metroko zabalera duten bi xurgaketa-zanga irekiko dituzte: "Orduan ikusiko da zerbait kontserbatzen den edo ez. Kontserbatzen bada, planteatuko da proiektu osoagoa egitea azalera osoa induskatzeko".

Balorazio-zundaketaren iraupenari buruz galdetuta, dio "gutxi" irauten dutela, eta lanari buruzko xehetasunak eman ditu: "Horrelako zangak egitean arrastoak ateratzen badira, dokumentatu egiten dugu argazkiekin, datu topografikoekin... Baina zerbait agertzen bada, gelditu egiten dugu. Ez dauka zentzu handirik zati bat induskatzeak, arrastoak kentzeak eta, gero, beste uneren batean dena induskatzeak. Esan dudan moduan, orain egingo duguna izango da ikusi ea potentzia arkeologikoa dagoen edo ez". Proiektuaren zuzendariak arrasto arkeologikoak eta arkitektonikoak aurkitzeko esperantza dauka.

"Euskal Herriko dorre garrantzitsuenetako bat da, eta induskatu ahal izatea, interes zientifikoaz eta historikoaz gain, Aramaiorako errekurtso on bat izango da", Gonzalezen esanetan.

Torralde Dorreari buruz

Gonzalezek elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan nabarmendu du Torralde Dorreak garrantzi handia izan zuela Euskal Herrian. Ondare Sareak Torralde Dorreari buruz egindako sintesi historikoak jasotzen du 1337an aipatzen dela lehen aldiz Barajuengo Dorrea iturri idatzietan, Micaela Portillak 1978an argitaratutako Torres y casas fuertes en Álava ikerketaren arabera.

XVI. mendetik XIX.era hainbat familiaren eskuetan egon zen Barajuengo dorrea, eta mende hartan erori zen, "behin betiko hondatuta", Portillaren ikerketaren arabera. Zenbait egilek Errege-Erregina Katolikoen garaian kokatzen dute desagerpena.

Gaur egun ez da hondakin materialik ikusten Torralde Dorrea egon zen eremuan, baina laburpenak jasotzen du 1992an Barajuengo zenbait bizilagunek ahoz emandako testigantzek aipatzen zutela iraganean gainazaleko aztarna arkitektonikoak zeudela. Izan ere, hegaldi amerikarraren 1945eko aireko argazkian, zuloko erliebeak eta gotorlekuaren beraren egitura oso ezagunak dira; pinudi baten landaketaren ondorioz, ondorengo hamarkadetan jada identifikatu ezin zirenak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak