Eskola txikietako berrehun irakasle batu dira Aramaion

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 26a, 16:20

Euskadiko eskola txikietako berrehun irakasletik gora elkartu dira gaur goizean Aramaion egin dituzten topaketetan. Bi urtetik behi egiten dituzte topaketa hauek, eta azken aldian ere Aramaion egin zuten.

Zientziaren gaia landu zuten azkenengoan, eta, aurten, berriz, arte garaikidearen ikuspegia lantzeko aprobetxatu dute. Lanketa horretan Estibaliz Uriartek eta Ixiar Rozasek hitzaldia eman dute topaketen lehen zatian, eta atsedenaldiaren ostean eskoletako esperientziak partekatzeko aukera izan dute irakasleek. Han izan da, esate baterako, Saioa Uriarteko, Aramaio Herri Eskolako zuzendaria: "Artea lantzen den azkenengo gauzetako bat izaten da, ostiral arratsaldetan egiten dena, eta garrantzia gutxi duena; hala ere, gaur ikusi dugu zer garrantzia duen, errealitatez lotzeko beste modu bat delako".

Aramaioko eskolako irakasleak ez ezik topaketetan izan dira Angiozarrekoak ere. Haien kasuan, Haur Hezkuntzako gela bat eta Lehen Hezkuntzako bi dituzte, eta eskolako irakasle de Idoia Zabalegik adierazi du "elkarreraginean txikiek handienetatik ikasten dutela". Era berean, azpimarratu du "eskola txikiak, herri txiki eta auzoen motorrak" direla. Lehen aldiz hartu dute parte topaketetan, Zabalegiren hitzetan: "Hamalaugarren aldia da hau aurrera eramaten dena, eta oso aberatsa izaten da; azken batean, aukera izaten dugu beste eskola txikietako irakasle batzuekin egoteko, eta, era berean, besteen jardunetatik ikasteko. Orain, hemen ikasitakoa gure klaustrora eraman eta hausnarketa bide bat irekiko da".

Prozesu "aberasgarria"

Bestelakoa da Aramaioko eskola txikiaren kasua, duela lau urte sartu baitzen eskola txikien barruan. Alabaina, talde horretan eskola handienetarikoa da 90 ikaslerekin, eta azken urteetan jarduna aldatu behar izan duten arren, prozesu "aberasgarria" izaten ari dela aitortu du Uriartek. "Bilaketa bat izan da, aurkikuntza bat. Eta pedagogiaz eta hezkuntzaz disfrutatzeko aukera paregabe bat. Adin aniztasunean egiten dugu lan, eta ez genuke berriro atzera egingo ikusita pertsonengan eragiteko modu horrek nola eragiten duen bere hazkuntzan, izaeran eta identitatean".

Horrez gain, Uriartek gogoan izan du horrelako topaketak herrietan egiteak duen garrantzia ere: "Politena da herri batean elkartzea. Berdin izango litzateke Gasteizen edo Bilbon elkartzea, baina esentzia galduko luke, herri txikietako irakasleak gara eta herri txikietan elkartzen gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak