Agintaldi hasieratik Aramaioko Udal Gobernuan badago ere, hiru hilabete baino ez daramatza Asier Agirrek (Suña, Aramaio, 1974) alkate karguan. Agintaldi honetako balorazioa egiteko "goiztxo" dela azaldu du Harira saioan, baina, dena den, ontzat jo du orain artekoa, lehendik zuen esperientzia eta duen lantaldea ikusita: "Herritik oso gertu dagoen jendea sartu gara, oso jarrera onarekin, animoso eta gustura. Bai neu eta baita taldea ere".
Elkarrizketa osoan zehar behin baino gehiagotan azpimarratu du herritarren parte hartzea: "Esku zabalik hartzen dugu laguntzera datorren jendea. Proiektuak edo edozer gauza aurrera ateratzeko pertsonak behar dira. Pertsona horiek ekarpenak, lankidetzak... guk bideratu ahal baditugu beste administrazio batzuetara, ongietorriak izango dira gauza guztiak".
Oraindik aurrekonturik ez
Aramaio da 2024ko aurrekontuak onartu ez dituen Debagoieneko herri bakarra, eta, alkatearen esanetan, atzeratu egin da aurrekontuak lantzeko prozesua agintaldi honetan lantalde berria duelako eta aurreko alkate Iban Herrarteren kargu uztea medio: "Udalean lan-karga handia dago, eta kanpo proiektu batzuek baldintzatzen digute gure lana. Orduan, berandu hasi gara".
Lehentasunen artean, Suña eta Barajuen auzoetan gainerako auzoetan egin diren azpiegitura-lanak egitea dute helburu, eta euren asmoa da 2024aren amaieran edo 2025aren hasieran ekitea lanei. Aramaioko alkateak aurreratu duenez, gehiago inbertitu nahi dute euskaran, kulturan eta berdintasunean: "Nahi badugu herri duina izatea, esparru horietan dirua sartu behar da".
Itsaraz proiektuaz
Aramaion pil-pilean dagoen gaia da Itsaraz parke eolikoarena. Aramaioko Udalak Aramaixo Bizirik plataformarekin batera urtarrilaren amaieran aurkeztu zituen herritarrek proiektuaren aurka sinatutako 600 sinadura baino gehiago, eta Agirrek dio ibilbide baten azken pausoetako bat dela sinadurena. Alegazioak ere jarri dituzte proiektuaren aurka, eta "horiekin lortu dena da bi eoliko lekuz aldatzea".
Gehitu du proiektu horrek Aramaiorendako ez dakarrela "ezer onik" eta ibilbide horretan guztian ikusi dutena dela interes ekonomiko batzuen ondorioz egin duten proiektua dela: "Guk ulertzen dugu Aramaio moduan horrelako proiekturik ez dugula behar. Guk energien esparrua ulertzen dugu. Energia berriztagarrietan sinesten dugu, baina herri mailako proiektuetan, baita herriaren eta herritarren hitzean. [...] Proiektu bat heldu da, aztertu egin dugu, jendeak parte hartu du, eta, hala, jarrera argi daukagu".
Autoak gaizki aparkatuta
"Aramaion isunik ez bada jartzen, jendeak ez du ulertzen", irizten dio alkateak autoak herrian gaizki aparkatzeari dagokionez. Haren ustez, herritarren gehiengoak errespetatu egiten ditu zirkulazio arauak, baina betetzen ez dituztenak ez dira kontziente sortzen dituzten arazoez: "Arriskua sortzen du autoa behar ez den lekuan aparkatzeak, eta autoa gaizki uzten duena da erruduna. Kontziente izan behar du jendeak".
Konponbidea isunak diren galdetuta, nabarmendu du kontzientziatzen jarraituko dutela, eta, jendeak kasurik egin ezean, egongo direla isunak. "Gure esku ez dago isunak jartzearena. Edozeinek jar dezake salaketa. Ibilgailuen jabeek kontziente izan behar dute ertzainak pasatzen badira isuna jasoko dutela". Bizilagunak eta herrikideak errespetatzea eskatu du.
Zerbitzuen beherakada
Kinttelena janari denda ixtear da, komertzioak ixten, banketxeen zerbitzuan murrizketak... Arazoa administrazioak ekarri duen bidea dela azaldu du. Mediku zerbitzuaz ere mintzatu da: "Medikua bajan egon den bitartean eduki dugun zerbitzuak ez dauka lotsarik. Gaixotasuna ez da antolatzen Osakidetzaren beharren arabera. Osakidetza moldatu behar da gizartearen arabera". Horren guztiaren ondorioa gizarteak daukala dio, baina gaia lantzen ari direla aurreratu du: "Geroz eta zerbitzu ahulagoak daude Aramaion. Dendak ixten ari dira, tabernak ere bai… Udaletik, behintzat, bagabiltza hori landu guran komunitate bezala indartzeko sistema bilatu nahian, eta talde polita dago. Hausnarketa prozesuan gaude; ea lortzen dugun epe ertainean gure herria biziberritzea. Ez da samurra izango".
Etxebizitza falta
Buelta bat ematen ari zaio etxebizitzen gaiari Aramaioko Udal Gobernua. Agirreren esanetan, euren helburua da "herrian geratzen diren seme-alabek" etxebizitza bat edukitzeko eskubidea izatea, erosita edo errentan: "Horrekin batera, alde zaharrean badaude zenbait etxe berritu beharrean daudenak, eta haiekin ere hartu-emanetan bagabiltza. Ea epe ertainean aukera horiek martxan jartzen ditugun".
Auzoguneetan Eusko Jaurlaritzak zenbait oztopo jarri dizkiela gaineratu du: "Nahi genuen baserri handietan lau etxebizitza atera ahal izatea, gehienez ere, metroen arabera, ulertzen dugulako leku oso handiak direla mantentzeko. Agian, senide gehiago daude eta etxea egin nahi dute. Eusko Jaurlaritzatik atzera bota ziguten proposamen hori, eta bi etxebizitza egin daitezke, gehienez ere. Gauza bera gertatzen da Ibarran etxebizitzak egiteko orduan. Ikerketa asko egin behar dira, eta ikerketa horiek guztiak egiten ari gara, zelanbait, nora jo behar dugun eta zer egin behar dugun ikusteko".
Gazte txokoa eta adineko zentroa
Duela gutxi sortu zen gazte txokoa, eta "oso pozik" dago Aramaioko alkatea proiektuarekin: "Hutsunea zegoen hor. 12 eta 16 urte arteko gazteek egoteko leku bat behar zuten. Behar dugu jendearen parte hartzea gai horrekin ere. Gazteak dira, gurasoak dituzte… Eta denok inplikatuz gero, gazte horiek hezi eta haziko ditugu. Herriko kulturgintzan etorkizuneko harriak dira haiek". Halaber, adineko zentroaz galdetuta, berriro jarriko dute martxan kudeaketa esleipenerako prozesua: "Espero dugu jarraitzea orain arte bezala".