Korrika pasatu ez, baina Korrika Eguna ospatu bai

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mar. 22a, 10:17

Aramaion 2022an egin zuten Korrika txikia. (Argazkia: GOIENA).

Aramaioko Korrika batzordeak korrika txikia, afaria eta animazioa antolatu ditu gaurko, besteak beste; herriko eragileek eta Udalak bi kilometro erosi dituzte Araba eta Gipuzkoa arteko mugan, eta martxoaren 23an 01:54an hartuko dute lekukoa aramaioarrek.

Aramaiotik Korrika igaroko ez bada ere, arrastoa utziko du herrian Aramaioko Korrika batzordeak gaurko antolatu duen Korrika Egunarekin. Goizean goizetik hasi eta gauerdira arte egongo da zertaz gozatu.

11:00etatik 12:00etara herria kantuz jarriko dute Alaiak erretiratuen elkarteko abesbatzak eta Aramaixo Herri Eskolako ikasleek. Eskola osoa arituko da kantuan, eta euskal kulturarekin lotutako abestiak kantatuko dituzte. Urtean pare bat aldiz egiten duten ekimena da –Euskararen Egunean egin zuten azken aldiz–, eta "euskal abestien transmisioa bermatzea" du helburu.

Herriko txokoak hartuko dituena Korrika Txikia izango da. Kasu horretan ere eskolako ikasleek hartuko dute parte, eta lekukoa eskurik esku ibiliko da kaleetan zehar, 14:30ean hasita. Iturrizuri kalean hasi eta herriko plaza aldera hartuko dute. Ondoren, Ibargoia, Aita Gabriel, Pedro Inazio Barrutia eta Nardeaga kaleak zeharkatuko dituzte; azkenik, eskolan amaituko dute. Korrika Txikia biribiltzeko, Harro herri-ren koreografia dantzatu eta txokolate-jana egingo dute.

19:00etarako poteo-kalejira antolatu dute herriko trikiti lari eta dantzariekin, herriko plazan hasita; gauerako, berriz, afaria eta animazioa frontoian. 21:30ean Zuk ein, zuk jan afaria egingo dute, eta ondoren, bertso-saioa, karaokea eta mikro irekia egingo dituzte.

Aramaioko kilometroak

Herriko eragileek eta Udalak bi kilometro erosi dituzte. Martxoaren 23an, 01:54an, Landako bidegurutzean hartuko dute lekukoa eta bi kilometrotan eramango dute Iturzuri Emakume Elkarteak, Guraso Elkarteak, Aramaixo Herri Eskolak, Papargorri Abesbatzak, Trikitixa Elkarteak, Lagun Artean Dantza Taldeak eta Txirritola Euskara Elkarteak. 02:03an, gatzagarrei pasako diete lekukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak