Donostian bizi den arren, sarri etortzen da Idoia Asurmendi jaioterrira, Aramaiora; herrian erantzun ditu haren lan berriaren gaineko galderak, eta igartzen zaio urte eta erdian lantzen ibili ostean baduela sortutakoa jendaurrean erakusteko gogoa.
Hiru urte pasatu dira lehenengo diskotik bigarren honetara; zelako hiru urte?
Hiru urte oso potenteak izan dira; orain arte, behintzat, nire bizitzako hiru urte potenteenak; aldaketa asko izan ditut nire bizimoduan. 2021ean ateratako lehen diskoak sekulako harrera izan zuen, eta oso pozik eta eskertuta nago horregatik. Baina egia da baita ere dena azkarregi joan zela eta ez zidala denborarik eman dena finkatzeko. Urtebete edo urte eta erdi ibili nintzen diskoarekin bueltaka, geratu barik eta erritmo frenetiko horretan sartuta, eta heldu zen momentu bat zeinetan nire gorputzak geratzeko eskatu zidan: atzera begiratu, zer egin nuen ikusi eta atseden hartu. Azken bi urteotan atseden asko hartu dut eta Musikenen Pedagogia Musikaleko gradua ere amaitu dut, momentu batean ikasketek eta ibilbide profesionalak bat egin zutelako eta nahiko estresagarria izan zelako. Duela urte eta erdi hasi nintzen bigarren disko honetan lanean.
Hiru urte horiek zenbateraino daude islatuta lan berrian?
Oso islatuta daude. Disko berria kontzeptu baten bueltan dago eginda eta kontzeptu hori oso lotuta dago azken urteotan bizi izan dudanarekin. Alde batetik, kantu bakoitza hiru urte hauetan bizi izandako momentuen oroitzapen baten ingurukoa da; bestetik, diskoa bada nire alboan egon den jendeari eskerrak emateko modua. Niretzat oso garrantzitsua izan da sare bat izatea inguruan, jende onarekin inguratuta egotea. Lehen diskoaren eta ekarri zuenaren ostean hutsune bezalako bat sentitu eta gero, loratze bat bizi izan dudala esan daiteke, diskoan islatuta dagoen loratzea.
"LEHEN DISKOAREN ETA EKARRI ZUENAREN OSTEAN, HUTSUNE BEZALAKO BAT SENTITU NUEN"
De amar y desandar. Maitatzeaz eta desibiltzeaz. Izenburuan ez duzu misterio handirako lekurik utzi ukitzen dituzun gaiez.
Nire bizitzeko modua, filosofia, horixe izan da: maitatzea, jende onez inguratzea eta elkar zaintzea, batetik; eta desibiltzea, bestetik. Desibiltzea oroitzearekin lotzen dut: irakurri nuen gaztelerazko recordar hitzak bihotzetik berriz ere pasatzea esan gura duela latinez, eta berezia iruditu zitzaidan; diskoa ere hortik abiatuta egin dut, bihotzetik pasatu zaizkidan kontuak oroitzetik.
Diskoaren azaletik hasita, lan berriaren orain arteko iruditeria guztia zuri-beltzean dago; estetika kontuak bakarrik ala badago mezurik horren atzean?
Bai; azken finean, oroitzapenarekin lotzen dut, oroitzapenak kolore horretan etortzen zaizkidalako burura. Eta bai, zuri-beltzean da estetika guztia, baina ez zuri-beltz hotza, arrotza, goxoa baizik.
Oraingo hau urte eta erdiko bidearen helmuga da, beraz; zelakoa izan da oraingoan diskoa ontzeko bidea?
Aurrekoarekin alderatuta oso ezberdina izan da eta asko gozatu dut. Lehenengo diskoa nahiko bat-batekoa izan zen; bigarrenean polikiago joan da dena, nire erritmora egokitu dut. Kontzertuak eman gabe egon naiz, diskora begira bete-betean; horra joan da nire energia guztia. Duela urte eta erdi, aspalditik ezagutzen dudan Sergio Valdehita Madrilgo musikariarekin egin nuen berba, eta esan zidan diskoaren ekoizpenean lagundu nahi zidala. Nik sekula ere ez dut ekoizle batekin lan egin, eta beldur apur bat ere ematen zidan, badirudielako ekoizle batek zure musika goitik behera aldatzen duela. Baina nire konfiantzazko pertsona zenez, baietz esan nion, kanpoko ikuspuntu bat izatea beti delako interesgarria. Valdehitak beste musikari bati buruz hitz egin zidan, Carlos Sosari buruz. Hiru abesti nituela, hirurok elkartu ginen duela urtebete pasatxo; abesti horiei forma ematen hasi ginen eta ordutik 2023ko urrira bidaia pila bat egin ditut Madrilera: kantuak etxean bakarrik sortzen nituen, eta gero, Madrilen horiek lantzen genituen. Urrian bandarekin abestiak entseatu, eta azaroan diskoa grabatu genuen Madrilgo El Lado Izquierdo estudioan. Su txikian egindakoak dira diskoko abestiak. Musikaz gain, kontzeptua borobiltzeko Eider Ballina ibili da argazkiak eta bideoak egiten eta diskoaren diseinua Arrasateko Miau estudiokoek egin dute. Diskoa familian egin dudala esan daiteke, eta oso aberasgarria izan dela, jende askok parte hartu duelako. Autoekoizpena da, baina ez naiz bakarrik egon.
Eta hori guztia beste zerbaitekin uztartu duzu? Izan ere, jan ere egin behar da...
Ekainean amaitu nuen Musikenen ikasten ari nintzen gradua, eta ordutik diskoaren ekoizpenean ibili naiz buru-belarri sartuta. Online master bat ere banabil egiten, baina horrek malgutasuna ematen dit. Tailer batzuk-eta eman ditut aldi berean, baina oso zentratuta egon naiz diskoan. Jakin nahi nuen urtebetez musikara begira egotea zer zen.
"HASIERATIK OSO ONDO HARTU NAU EUSKAL INDUSTRIA MUSIKALAK; BATEZ ERE, EMAKUMEZKOEK"
Soinu aldetik alde handia dago aurrekotik hona?
Ez dut uste; ingurukoek esan didate zerbait aldatu dela, baina esango nuke, orokorrean, gehiago ikusten dela ni nor naizen, oso gardena dela. Kantautoreen bidetik jarraitu dut, eta, hori horrela, jendeak esan izan dit nahikoa arriskatu dudala. Ironikoki esaten zutela ere iruditu izan zait; baina egia da gaur egun badirudiela errazena teknotik jotzea dela, ez folketik.
Diskoaren lehen aurrerapen kanta, 9 de febrero, gazteleraz zegoen; bigarrena, Sarearena, euskaraz. Zerk bideratzen zaitu batean edo bestean abestera?
Disko honetan bihotzak eta gorputzak eskatu didatena jarraitu dut, bereziki. Bi hizkuntzatan dago, baina ez da izan idatzi aurretik hartutako erabaki kontziente batengatik: gaia, burura etorritako hitz bat, melodiaren sonoritatea, oroitzapen bakoitza zein hizkuntzatan bizi izan dudan... Horiek eraman naute batera edo bestera.
Youtubera beste batzuen bertsioak igotzen hasi zinenean, imajinatzen zenuen 24 urte bete aurretik bi disko izango zenituela kalean?
Ez! Ezta lehenengoa kaleratu ostean bigarrena etorriko zenik ere! Oso eskertuta eta gustura ari naiz bizi izaten hau guztia. Edozein bidek ditu alde onak eta ez hain onak, baina asko ikasi dut, eta orain kontzienteagoa naiz egiten ari naizen bideaz.
Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Janus Lester… Bide horretan izen potoloekin kolaboratu izan duzu; komeni da musikan bidelagun onak izatea?
Bai. Kolaboratzea da musikak eman didan opari handiena: jende ezberdina ezagutzea, eurekin oholtza partekatzea... Modu horretan, musikaren munduan oso beharrezkoa den sarea sortzen da; babesleku bat, momentu txarren bat izanez gero nora jo erakusten dizuna. Momentu onak partekatzeko ere bada; beste pertsona batekin abestean sortzen den magia ez da bakarrik ibiltzea bezala. Beti esan izan dut hasiera-hasieratik oso ondo hartu nauela euskal industria musikalak; batez ere, emakumezkoek. Olatz Salvador eta Izaro, esaterako, hasieratik egon dira laguntzeko prest. Ez dut esperientzia txarrik izan.
Fama kontuak-eta nola daramatzazu?
Arraroa da kalean noala jendeak argazkiak-eta eskatzea. Hasieran, kolpatu egiten ninduen, ez nuen gustuko: Donostian trago bat hartzen egon eta norbait zuri berbetan hastea. Baina landu egin dut kontua eta zerbait positibo bezala ikusten dut. Ikasi egin dut famari alde ona atera eta gozatzen.
Bea ahizpa ere musikaria duzu; 2022an, Mare abestia kaleratu zenuten elkarrekin. Zenbat disko egon dira zuen etxean?
Gurasoak ez dira musikariak, baina bai oso musikazaleak. Musika asko eta askotarikoa jarri izan digute beti, eta estilo aldetik-eta igartzen da hori nire bi lanetan. Musikan aritzeko erabakian ere babestu naute etxean, eta hori oraintxe hasi naiz baloratzen. Musikenen ikasita, eta egunerokotasunean musikariz inguratua egonda, konturatu naiz askok ez dutela babes hori izan. Eta garrantzitsua da, musikaren mundua berez gogorra delako etxekoan babesik gabe aritzeko.
"KALEAN JENDEAK ARGAZKIAK-ETA ESKATZEA ARRAROA DA, BAINA IKASI DUT FAMARI ALDE ONA ATERATZEN"
Hainbat kontzertu iragarri dituzu; gogoz?
Bai. Era berean, beldurtuta ez, baina banago urduri. Bandarekin eta nire kantuekin eman nuen azken kontzertua 2022ko irailean edo urrian izan zen, eta pasatu da denbora ordutik. Gainera, kontzertuen nire azken oroitzapena positiboa izan arren, nekatuta ere banengoen. Alde horretatik, esperientzia berri bat izan nahi dut, kontzertuen oroitzapen ona izan. Bagabiltza dagoeneko entseguekin; Joanes Gerra ibiliko da baxuan, Karlos Aranzegi bateriarekin, Ander Ederra gitarrarekin: eta tekletan fitxaketa berria egin dugu: Txus Aranburu.
Diskoa autoekoizpena da: salmentek eta sarrerek kezkatu egiten zaituzte?
Orain arte esan izan dut diskoa niretzat egin dudala, pertsonala izan dela, egin beharreko dena egina dagoela... Baina, praktikan, konturatu naiz ez dela guztiz horrela, eta banabil zenbat sarrera saltzen dabiltzan-eta ikusten. Azken finean, gure diru-iturria da. Dena den, sufritzen ere ez nabil. Gaur egun disko fisiko bat kaleratzeak merezi duen? Horixe bera galdetu zidaten diskoak fabrikatzen dituzten lantokian. Eta nire erantzuna izan zen: "Bai, noski!". Nik behar dut nire lana formatu fisikoan izatea, ukitzea. Gainera, disko honetan formatu fisikoaren diseinuak badu bere pisua.
Musikaz gain, beste zerk du lekua zure egunerokoan?
Orain arte, gauza gutxik; diskoaren bueltako kontuak ditut une oro buruan. Horregatik nahi nuen gaurko eguna heltzea eta lana kaleratzea. Bestelako gauzak faltan igartzen ditut. Aramaiora, esaterako, nahiko sarri etortzen naiz, eta hori beti dago ondo. Betiko lagunek, esaterako, inozentzia osoarekin, beti galdetzen didate zertan nabilen-eta, eta horrek hankak lurrean izateko balio dit, bakoitza berearekin dabil eta. Era berean, azkenaldian, Izan Inurri elkartearekin ere banabil buru-belarri kolaboratzen.