Bertsolariak prest daude Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 13a, 15:21

Sei bertsolari arituko dira bertsotan Gasteizko Printzipal Antzokian, eta horietatik hiru dira aramaioarrak: Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu. 17:30ean hasiko da, eta sarrerak eskuragarri daude.

Bertsolariak prest daude zapatuan, martxoaren 16an, jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako. Sei bertsolari egongo dira oholtza gainean, seiak ere aurrez finalean izandakoak: Aroa Arrizubieta gasteiztarra, Asier Otamendi urretxuarra, Iñaki Viñaspre abetxuarra, eta Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu aramaioarrak. Debagoiendarren kasuan, Agirrek birritan lortu du Arabako txapela, 2011n eta 2015ean; Abarrategik, hirugarren aldia izango du finalean, eta txapelduna izan zen 2022an; Amilburuk, berriz, bigarren aldia du finalean.

Arabako Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, "urteetan egindako lanaren fruitua da finala, belaunaldien arteko loturez, transmisioez, hamarkadetako Arabako bertsogintzaren bide honetan, lehen txapelketa jokatu zela 40 urte betetzeraino". Are gehiago, Arabako bertsogintzak azken hamarkadetan egin duen bidea bistaratzea ere hizpide izan du.

Xabi Rico Iturriotz

Xabi Rico Iturriotzek jantziko dio txapela irabazleari. Azaldu dutenez, Arabako bertsogintzan ibilbidea eginikoa da, esate baterako, 1984an, Arabako lehen bertsolari txapelketan parte hartu zuenetako bat izan zen; ordutik, "bertsolari, irakasle, epaile, gai jartzaile eta antolatzaile" aritu da. Azkenekoz, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako kanporaketetan aritu zen bertsotan. Hala, Ricori eginiko bidea eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak