Martitzeneko bileran adostu zituzten ekintzetako bat da otsailaren 9an eta 24an Korrikako standak jartzea Korrikako materiala saltzeko. Horrekin batera erabaki zuten, Aramaioko Udalak kilometro bat erosiko duela, eta herriko elkarte kultural, gastronomiko eta komertzioen artean beste bat.
Korrika ez da Aramaiotik pasako, baina proposamenetako bat izan zen Leintz Gatzagako azken kilometroa eta Eskoriatzako lehena Aramaiok hartzea. Martxoaren 22 eta 23 arteko gauean igaroko denez Korrika bi herri horietatik, Korrika Eguna martxoaren 22an antolatuko dutela iragarri dute.
Bigarren bilera irekia
Martxoaren 22ko egitaraua fintzeko bigarren bilera irekia egingo dute urtarrilaren 30ean, 19:00etan, Kultur etxean. Badute asmoa martxoaren 22aren aurretik beste ekintza batzuk antolatzeko ere, eta horiek ere izango dituzte eskuartean bigarren saio horretan.