Parke eolikoaren gaineko herri kontsulta egingo dute Aramaion

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 12a, 09:36

Aztikerrekin batera, deliberazio ariketa bat egin dute Aramaioko herritarrek. Lau puntu nagusi landu dituzte, eta euren proposamenak, gomendioak eta eskaerak egin dizkiote Aramaioko Udalari. Tartean, proiektuaren aurreko jarrera lideratzea eta herri kontsulta bat egitea.

Parke eolikoaren inguruan ezberdinen arteko elkarrizketa eta sortze lana bermatuko zuen espazio bat sortzea zen zapatu goizean Aramaion egin zituzten jardunaldien helburua. Eta horretan aritu ziren, erronkei aurre egiteko ekintzak lantzen, Aztikerren laguntzarekin eta taldeka banatuta, hainbat herritar. "Lau lan ildo landu dituzte: eolikoen parkearen proposamenaren aurrean alegazioak, bide juridikoak eta administratiboak; informazioa eta komunikazio beharra ere landu da, proiektuaren inguruan eta horren kokapenaren inguruan, ekintza zehatzak proposatuz hemen ere; hirugarren talde batek herri posizionamendu bat lortu beharra landu du eta ze ekintza mota egin daitezkeen hori gauzatzeko; laugarrenak estrategia alternatiboak jorratu ditu, hau da, energia behar bada ze alternatiba dauden eta ze estrategia egon daitezkeen horrenbeste energia behar ez izateko", adierazi du Aztikerreko Susana Martinez Calabiak.

Herritarrek landutakoak entzun zituzten udal ordezkariek ere. "Argi geratu da sentsibilizazio ezberdineko jendea egon arren herrian, jendea ez dagoela proiektu hau egitearen alde. Herritarren lanarekin eta Udalaren lanarekin, alegazio epean gaudenez, talde tekniko juridiko batzuekin kontaktuan jarrita gaude eta alegazioak aurkeztuko ditugu proiektuaren aurka".

Herritarren iritzia jasoko dute

Herrartek baieztau duen moduan "Udalak lideratuko du ekimena, baina herritarrei ideiak eskatuta eta euren laguntzarekin batera. Herri kontsulta egitea ere eskatu dute, eta hori ere egingo dugu, ikusteko, kuantitatiboki, herrian dagoen ezezko joera hori noraino heltzen den. Eskaera lehenbailehen egitea da baina legedia aldetik, Aldundiak badu jarraibide batzuk eta hori kontsultatuko dugu lehenengo. Bestalde, orain, agian, ez da sasoirik onena horretarako. Oporrak datoz, parte-hartzea txikiagoa izan daiteke eta zabalkundea egiteko ere erakunde ezberdinetara bidali beharko da eta data egokiak topatu behar dira egiteko".

Herrartek gehitu du kanal bat, bide bat, zabalduko duela Udalak proiektuaren gainean herritarrek duten iritzia jasotzeko. "Etorri diren herritar denei eskerrak ematea gurako nuke eta ezin izan dutenei etorri esan bide bat zabalduko dugula horren bitartez helarazi ahal dituztela euren iritziak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak