Eolikoen gaiak hartu zuen protagonismo handiena energiaren inguruko batzar informatiboan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 23a, 13:06

Aramaion Energia Sorkuntzarako Proiektuak batzar informatiboa egin zuen atzo. Aurkeztutako gaien artean, balizko Itsaraz parke eolikoaren gainekoa izan zen nagusia batzarrean. Herri galdeketa egitea eskatu zuten hainbat herritarrek.

Udaleko osoko bilkuren aretoa bete egin zen atzo egin zuten energia sorkuntzaren gaineko informazio-batzarrean. Lierni Altuna alkateak eskertu egin zuen herritarren parte-hartzea, eta esan zuen ulertzen duela "jendea urduri" egotea. Aramaioko Udalak Aztiker ikergunea kontratatu du Aramaion energia sorkuntzarako proiektuen prozesua gidatzeko. Batzarraren lehenengo zatian, Udalak energia sorkuntzarako egin dituen urratsak azaldu zituen; besteak beste, eraikin publikoen energia diagnostikoa egin dutela azaldu zuten. Gaur egun, plana lantzen ari dira.

Bi gai bereizteko beharra

Statkraftek egin nahi duen Itsaraz parke eolikoaren gaineko informazioa ere eman zuten; eta, hain zuzen, balizko parke eolikoaren gaiak hartu zuen protagonismoa batzarrean. "Azaldu dugu dakiguna: zortzi dorre jarriko dituztela, ebakuazio-linea Abadiñora izango duela, 200 metro inguruko dorreak izango direla eta parkeak 900 hektarea inguruko lur-hedadura hartuko duela", azaldu zuen Altunak. Ondoren, herritarren iritzi, kezka eta balorazioak etorri ziren. Askoren iritzia izan zen bi gai bereizi behar direla: batetik, Udalak energia berriztagarrien inguruan egin ditzakeen proiektuak; eta, bestetik, Itsaraz parke eolikoa. Horregatik, bi prozesu ezberdin egitea eskatu zuten askok. "Ez da interes orokorra ezta ekologikoa ere, negozio bat da"; "Lurralde antolamendu plana falta da"; "30 urterako hipotekatuko gaituzte, ez dezagun pentsa gure subiranotasunagatik denik"; "Mendiak utzi bakean"; "Jana non sortuko dugu? dena industriak hartu du"... Horiek izan ziren entzundako iritzi batzuk. Herri galdeketa egitea ere eskatu zuten.

Hurrengo pausoak

Azkenik, Aztikerreko teknikariek hurrengo pausoak azaldu zituzten: maiatz inguruan herritarrekin elkarrizketak egingo dituzte, eta udazkenean hausnarketa-saioa egitea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak