Itsaraz parke eolikoaren aurka borrokan dihardute planifikazio egokia eskatuz

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 17a, 09:41
Taldeko kideak Aramaion, Nardeaga kalean.

Aramaion egin nahi duten Itsaraz parke eolikoaren aurka borrokan dabil Aramaio Bizirik taldea. Horrelako proiektuak gelditzea, herritarrei hitza ematea eta planifikazio egokiak egitea eskatzen dute, besteak beste. Apirilaren 1ean mendi martxa egingo dute Aramaion.

Planifikazioa, ez bakarrik energiaren arloan, baita oinarrizkoak diren beste sektore guztietan ere –elikadura, esaterako–.

2021ean hasi ziren mugitzen, Aixeindarrek Jarindon jarri nahi zuen haize-neurgailuaren harira. "Arabako Mendiak Aske! taldearekin batera mendi martxa egin genuen Aramaion. Ondoren, haize-neurgailua jartzeko baimena atzera bota zuen AESAk, inguru hura Forondako aireportuaren zortasun-ingurunea delako. Uste genuen proiektuak geratu zirela... baina ondoren etorri zen Statkraften proiektua. Kasu horretan, eurek esaten dute parke eolikoa ez litzatekeela zortasun-ingurune horretan sartuko", azaldu dute taldeko kideek.

Interes publikoko proiektua

Gaur egun, Norvegiako Statkraft enpresak Aramaioko Udalean eskatu du haize-neurgailua jartzeko baimena. "Aldundiak martxoaren 6ko buletinean deklaratu zuen proiektua interes publikoko", diote. Hortaz, orain ikusi beharko da AESAk atzera botatzen duen edo ez haize-neurgailua jartzea –2022ko ekainean Jarindokoarekin egin zuen bezala–. Bestalde, Statkraftek dagoeneko badu parketik aterako lukeen energia estazio transformadore batera lotzeko baimena: "Baimena dute Abadiñoko azpiestaziora lotzeko. Horrelako kasuetan baimenak data konkretua izaten du, fidantzarekin. Zortzi errota horietan lortutako energia lur azpitik eramango dute transformadore batera, eta ondoren, aireko kable bidez Abadiñora eramango dute. 135 kilovoltekoak izango dira eta eskatzen dute poste bakoitzaren alde banatara hamar metroko zortasun-bidea. Bide hori etorriko litzateke San Adrian ermitaren azpialdetik, Zabola ondotik, Bolinburutik, Cuatrovientosera eta handik Besaidera eta Abadiñora". Aramaio Bizirik taldearen esanetan, datu horiek erakusten dute parkea egiteko nahia handia dela. "Gaiaren seriotasuna erakusten duen beste datu bat da Legution egiten dabiltzan saihesbideko hondakindegia Kruzetan jarri dutela. Legutiotik hondakinak Aramaiora ekarri behar dituzte? Ezin dute han egin hondakindegia?", diote, haserre.

Hirigintza-txostena

Haize-neurgailua jartzeko baimenaz gain, Udalean eskatu dute hirigintza-txostena. Hala konfirmatu zuen Lierni Altuna alkateak orain dela aste batzuk: "Neurgailua jartzea eskatu dute eta hori tramite administratiboan dago; eta, txosten urbanistikoa eskatu dute, ebakuazio linea ateratzeko". Statkrafti galdetuta, azaldu dute konexio-baimena badutela, eta gehitu dute: "Hirigintza-bateragarritasun txostena eskatu dugu. Lanean jarraitzen dugu proiekturako ahalik eta egokitasunik onena bilatzeko. Etorkizuneko aerosorgailuen kokapen zehatzari dagokionez, informazioa jendaurrera ateratzen denean emango ditugu xehetasun gehiago". Proiektuak arautegiak zehazten duen tramitazioa jarraitzen duela gehitu dute.

Energia-plana

Aramaio Bizirik taldeak nabarmendu nahi du gaur egun EAEn ez dagoela onartuta lurraldeko plan sektorialik, eta hori barik parke eolikoak egin nahi dituztela. "Jaurlaritzak lo hartu du. 20 urte egon da ezer egin barik eta orain ari dira horrekin... Baina lehenengo egingo dute parkea eta ondoren lurraldeko antolamendua. Eskatzen duguna da lehenengo lurraldea antolatu eta ondoren erabaki parkeak non eta zelan egin".

Mobilizazioak

Itsaraz parkeko dorreak Aramaiotik ikusi, entzun eta horien gerizpearen eragina nabarituko litzatekeela diote. "Hemendik ikusten da San Kristobalgo ermita, ezta? Bada, irudikatu bata bestearen gainean 40 ermitak hartuko luketen altuera. Eskatu dute 120 metroko posteak eta 80 metroko hegalak izango lituzketen eolikoak jartzeko baimena", azaldu dute.

Itsaraz proiektuaren aurkako mendi martxa egingo dute apirilaren 1ean, Aramaion; eta makroproiektuen aurkako manifestazio nazionala maiatzaren 20an, Gasteizen.

Aramaioko hegoaldean kokatuko dute

Mapan ageri diren eolikoen kokapena ez da behin betiko proiektua; tramitazio administratiboa hasteko dokumentazioa da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak