Bi milioi pasako aurrekontua onartu du Aramaioko Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 10a, 15:00

Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuaren aurka bozkatu zuten EAJko bi zinegotziek; hala, aldeko zazpi botorekin eta kontrako birekin onartu zuten 2023ko ekitaldirako udal aurrekontua. Iazkoa baino %14,9 txikiagoa izango da. 

2023ko ekitaldirako aurrekontuak onartu ditu udalbatzak ezohiko osoko bilkuran. Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak aldeko zazpi boto eta aurkako bi boto izan zituen. 2.272.000 euroko aurrekontua onartu zuten; iazko ekitaldiarekin alderatuta, %14,9 txikiagoa. Lierni Altuna alkatearen esanetan, aurrekontu txikiagoa izatearen arrazoi nagusia da Plan Foraleko obrarik ez dutela jaso aurrekontuan –orain egiten dabiltzan kiroldegiko obra, adibidez, iazko aurrekontuetan sartuta dago–. "Bestalde, Barajuen eta Suña auzoetan proiektuak egitea onartu digute. Orain tokatzen zaigu proiektuak zehaztu eta idaztea, Aldundira bidaltzea eta baiezkoa jasotzea. Hori guztia egin orduko 2024a izango dela uste dugu; hortaz, obra horiek hurrengo urterako utziko ditugu", dio Altunak.

2023ko aurrekontuetan jaso dituzten inbertsio nagusiak dira: "Autokontsumo-instalazioa eraikin publikoetan ezartzea izango da inbertsio nagusia; bestalde, Suña eta Barajuengo bi proiektu horiek idazteak 110.000 euroko aurrekontua izango du; parkean hainbat hobekuntza egingo ditugu; baita kultura etxean ere, desfibriladoreak auzoetan jartzea... Hori da ditugun sarrerek ematen dutena".

EAJko zinegotziak, aurka

EAJko bi zinegotziek aurka bozkatu zuten. "Orain dela hilabete bat hainbat galdera egin genizkion alkateari proiektuen inguruan eta uste dugu ez direla mugitu. Erantzuna izan da ez dela Udalaren eskumena, Diputaziokoa dela… Guk proposatu genituen hainbat proiektu Aramaio herri ilusionagarria izateko, eta ikusten dugu ez dela ezer mugitzen: ilusio falta eta proiektu falta ikusten dugu", azaldu zuen osoko bilkuraren amaieran EAJko zinegotzi Pedro Elosegik. EAJk Aramaiorendako turismo arloko proiektuak eskatu zituen: "Aramaiok aukera dauka turismo eta kultura aldetik, eta hortik ez da ezer egiten. Aurkeztu dugu ideia bat Albinan egiteko zerbait erakargarria. Erantzuna izan da Albinan ezin dela bainatu; baina ez da dena bainua: bizikletak, bidegorria… izan daitezke aukerak. Aberastasuna ekarriko lioke herriari, gastronomia aldetik".

Lierni Altuna alkateak, aldiz, zera erantzun zuen: "Bakoitzak bere iritzia du. Guk ikusten dugu egunerokoa zela den… Herri txikia gara eta Aldundiak eta Jaurlaritzak baldintzatuta gaude. Aldundiko errepidea baldin bada edo tartean Ura baldin badago, guk ezin dugu nahi duguna egin. Errealitatea jakiteko egon egin behar da eta jakin egin behar da. Egunerokotasuneko errealitatetik egindako aurrekontuak dira guk aurkeztutakoak".

Egoera ekonomiko ona

"Udalaren egoera ekonomikoa ona da. Espero dugu likidazioa ere positibo irtetea; hori horrela, ondoren, txertaketak egingo zaizkio gaur aurkeztutako aurrekontuari", gaineratu zuen alkateak. Ekain inguruan izango dute likidazioaren datua; hori horrela, beste hainbat lan egiteko dirua izatea espero dute udal arduradunek.

Beste puntu batzuk

Ezohiko bilkuran onartu zuten baita Gizarte Zerbitzuak mantentzeko Foru Aldundiarekin duten hitzarmenari prologoa ematea ere. Aho batez onartu zuten zinegotzi guztiek. Bestalde, Plan Foralaren baitan dagoen kiroldegiko obraren ziurtagiriak bideratzeko, alkatea eskuordetzea onartu zuten, baita Linatzako lursail baten salerosketa formalizatzeko alkatea eskuordetzea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak