Jaiotza datuei dagokienez, urterik urtera ezberdintasunak ikusten dira Aramaion, baina 2000ko lehen hamarkadaren hasieran jaiotza gehiago egon ziren, eta gainera heriotzak baino gehiago ziren. Azken urteetan, aldiz, kontrako tendentzia gailendu da, bereziki 2020an eta 2021ean.
Adin tarteen arteko banaketari dagokionez, 60 urtetik gorakoen ehunekoak gora egin du 2001az geroztik, biztanleriaren zahartzearen adierazle. Halaber, 2021eko ehunekoa Debagoieneko datuaren parekoa da. Beste bi adin tarteetan, aldiz, ezberdintasunak ikusten dira: gazteak, 20 urtetik beherakoak, %19,2 dira azken taulan; Debagoienean ordea, %17,9. Bi puntu hazi da adin tarte hori Aramaion hogei urtean, Debagoienean aldiz, bakarra.
Aramaioko migrazio mugimenduak irregularrak dira urte batetik bestera, hala ere, EAEko udalerrien arteko mugimenduak dira nagusi. Badaude datu deigarriak hainbat urtetan, adibidez, 2007an 22 lagunek emigratu zuten Aramaiotik Espainiatik kanpoko herrialde batera. 2005ean, berriz, 21 lagun etorri ziren Aramaiora Espainiatik kanpoko herrialdeetatik.