Finalean "nahiko sentsazio positiboak" izan zituen hasieratik Abarrategik, "eta gorabehera batzuk izan nituen arren, oso ondo aritu nintzen, hasi eta buka", gaineratu du.
"Oso final berezia" izan zela aitortu du. "Sei finalistetatik lau aramaioarrak ginen, baina beste biak ere oso gertukoak ditut eta, oso polita izan zen bost bertsokide horiekin aritzea finalean. Sekula ahaztuko ez dudan egun bat izan zen".
Buruz burukora sailkatzeko zituen aukerez galdetuta, zera erantzun du: "Saioa barrutik entzunda zaila izaten da jakitea, baina bertsokideek esan zidaten ofiziotan eta bakarka oso txukun aritu nintzela eta, badaezpada, tentsioa mantentzeko buruz burukorako. Eta hala izan zen, nire eta Manexen izena entzun bainituen".
Behin buruz burukora iritsita, "galtzeko ezer ez" zuela eta, eta disfrutatzera irten zen. "Manexek esan zidan berak bakarkakoan apur bat huts egin zuela, eta nik asmatu nuela esango nuke. Beraz, hor egon zitekeen gakoa txapela irabazteko", nabarmendu du.
Lau finalista aramaioarrak izanik, "herri erdi" Gasteizera joan zen atzo eta emaitza dena delakoa izanda ere, festa iragarrita zegoela azaldu du txapeldunak. "Beraz, Gasteizen bertan luzatu genuen gaua eta elkarrekin ospatu genuen nire txapela".
Gaur, beraz, biharamun eguna dute Aramaion, baina gozoa da biharamun hori, Arabako txapela herrira ekarri dute eta.