Aramaixo Herri Eskolak olatu solidarioa egingo du bihar 'Aita Mari'-ren alde

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko eka. 10a, 10:19
Atzo, eguena, umeak gelan 'Aita Mari'-rekin konexioa egiten.

Aramaixo Herri Eskolak ikasturte amaierako jaia egingo du bihar, zapatua. Betiko moduan, elkartasun keinua izango dute; oraingoan, Aita Mari proiektuaren alde.

Aramaixo Herri Eskolak ikasturte amaierako jaia egingo du bihar, zapatua. Ospakizuna elkartasun jai bilakatuko dute olatu solidarioaren bitartez. Eskolatik hasi eta herriko plazaraino bultzatuko dute Aita Mari ontzia –sinbolikoki, maketa bat izango da–. 10:30ean elkartuko dira eskolan."Gura duenak izango du Aita Mari-ri laguntzeko aukera, ekarpen ekonomikoa eginez", azaldu du eskolako zuzendari Saioa Uriartek. Hala, eskumuturreko solidarioak banatuko dituzte borondatearen truke. Ondoren, eskolatik plazaraino jarriko dira ilaran eta Aita Mari itsasontziaren maketa bultzatuko dute eskolatik plazaraino.

Proiektua lantzen

Eskolako ikasleek asteon landu dituzte Aita Mari proiektuaren nondik norakoak. "Izaskun Arriaranekin harremanetan jarri gara eta hango bideoak ikusi ditugu", dio Uriartek. Gainera, atzo, eguena, bideokonferentzia egin zuten Aita Mari ontziarekin. Eskolako 102 ikasleak lau gunetan banatuta egon ziren eta ontzian egiten dituzten lanak ikusi eta galderak egiteko aukera izan zuten.

Jaia eta bazkaria

Olatu solidarioa amaitutakoan, eskolako buruhandiak eta erraldoiak aterako dituzte eta kalejiran joango dira berriro ere eskolara. Bazkaria eskolako jangelan egingo dute: "90 bat lagun elkartuko gara", esan du Uriartek. Ondoren, bingoa eta euskal jolasak izango dituzte eta 17:30erako amaituko dute. Azken bi urteetako geldialdiaren ondoren, ikasturtea normal egin dute aurten Aramaion: "Ohiko erritmora bueltatu gara eta aurrera egin dugu guztiarekin". Maiatzaren 27an, esaterako, Ir a Kurrin Kurrin irakurketa dialogiko saioa egin zuten Andra Marin: "90 lagun elkartu ginen eta, hain zuzen, Veneziako misterioa liburuaren inguruan jardun genuen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak