Finalerdietarako txartela jokoan izango du bihar Andere Arriolabengoak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mai. 13a, 08:00

Bigarren faseko azkeneko saioa Aramaioko kultura etxean izango da, 17:30ean.

Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdena jokatuko da bihar, zapatua, Aramaioko kultura etxean. Sei bertsolari ibiliko dira final laurdenetarako txartela lortzeko lehian: Andere Arriolabengoa, Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Manuel Bendala, Oihane Perea eta Unai Anda. Arriolabengoa gogotsu dago herrian aritzeko, aspaldian ez du-eta herrian kantatu. "Animatuta nago herrian abesteko; hala ere, esan behar da zapatuan erabakiko dela zeintzuk pasako diren final laurdenetara, eta horrek urduritasun puntu bat ematen du, tentsioa sortzen du", azaldu du bertsolari aramaioarrak. Izan ere, oholtza gainean lagunak direla dio, baina ezberdina dela lagun arteko saio batean aritzea edo txapelketako saio batean aritzea.

Etxekoen aurrean, ardura

Aramaion abestea berezia izango da Arriolabengoarendako: "Beti da berezia: etxekoak egoten dira, herrikoak, ezagunak, lagunak... Horrek bestelako txute bat ematen dizu". Eta gaineratu du: "Bestalde, ardura puntua ere badago. Etxekoen aurrean ondo kantatu nahi izaten dugu, disfrutatu gura izaten dugu; izan ere, guk ez badugu disfrutatzen, etxekoek igarri egiten dute ez zaudela gustura".

"Baina bako" saioa

Saio "oso polita" izango dela uste du Arriolabengoak: "Kontuan hartu etorriko dela behin baino gehiagotan txapeldun izandako Oihane Perea, Manu Bendala eta Unai Anda ere egongo dira... Bertsotan ondo dabiltzanak dira". Nabarmendu du bertsolarien esku egongo dela saio txukuna egin eta hurrengo faserako txartela lortzea: "Gure esku egongo da, ez da bainarik egongo". Saioa kultura etxean izango da, zapatuan, 17:30ean. Aintzane Irazusta Arzallus izango da aurkezlea eta sarrerak online eros daitezke bertsosarrerak.eus atarian, eta, edukiera bete ezean, egunean bertan kultura etxean. Final laurdenetako sarrerak 6 euroren truke daude salgai –4 euro bazkideek–.

Beste bi final laurdenak

Joan den aste bukaeran jokatu zituzten beste bi final laurdenak. Bigarren faseko lehen saioan, Dulantzin, Asier Otamendik lortu zuen finalerdietarako txartela –242 puntu– ; saio berean abestu zuen Paula Amilburu aramaioarrak –230,5 puntu–; Zigoitiko final laurdenean, berriz, Manex Agirre nagusitu zen, eta finalerdietarako txartela lortu zuen –245,5 puntu–; saio berean, Xabi Igoa bigarren geratu zen 233 punturekin eta Peru Abarrategi hirugarren 232 punturekin. Final laurdenetako irabazleek zuzenean lortuko dute finalerdietarako txartela; gainontzeko bertsolariek puntuazioaren hurrenkeraren arabera sailkatuko dira. Kontuak kontu, finalerdietara hamabi bertsolari sailkatuko direla kontuan hartuta, eta geratzen den Aramaioko saioaren zain, behin behineko sailkapenaren arabera lehen seiek ziurtatuta dute txartela; tartean dira Agirre, Igoa eta Abarrategi aramaioarrak.

"Serio" dabilen eskola

Aramaioko bertso eskolaren lana agerian geratzen ari da txapelketan honetan zehar; ez bakarrik bertsolariak ematen ari diren mailarekin; horrez gain, kontuan hartu behar da txapelketan izena eman zuten 30 bertsolarietatik zazpi aramaioarrak izan direla. "Astero-astero biltzen gara bertso eskolan eta, azkenaldian, nahiko serio ari gara txapelketa prestatzen. Asko poztu nintzen Manexek Zigoitiko saioan lortutako emaitzarekin, adibidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak