Irati Mujika: "Etxeko ortuko produktu fitosanitarioetarako ere ezinbestekoa izango da txartela"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ots. 17a, 10:08

Ortuko produktu fitosanitarioen erabiltzaile txartela egiteko tailerra egingo dute Arbelen.

25 orduko ikastaroa eskainiko dute martxo hasieran. Arbeleko bazkideek prezio berezia izango dute. Informazio gehiagorako, 945 44 51 19 zenbakira deitu behar da.

Fitosanitarioak erabiltzeko txartela eskuratzeko aukera egongo da Arbelen.

Oinarrizko ikastaroa egiteko aukera egongo da, ondoren fitosanitarioak erosi eta erabili ahal izateko. Izan ere, gaur egun, ia produktu gehienetan ezinbestekoa da txartela izatea. Formakuntza saioaren amaieran txartel fisikoa eskuratuko da, beharrezkoa denean aurkeztu eta produktuak eskuratu ahal izateko.

Legearen arabera, beharrezkoa da produktu horiek erosteko txartela izatea?

Bai; legea aspaldikoa da, baina kontua da azkenaldian asko zorroztu dela, eta, ondorioz, nahiz eta lau gauza bakarrik gura izan, ziurrenik, lau gauza horietarako txartela edukitzea ezinbesteko izango da. Batzuetan, pentsatzen dugu profesionalei lotutako zerbait dela, baina geroz eta estuago dago: patenteak direla, erregistroak direla... ezinbestekoa izango da txartela, etxeko ortutxorako izan arren.

Nolako produktuetarako eskatuko dute txartela?

Esaterako, oso ezaguna den bacillus thuringiensis intsektizida biologikorako, nekazaritza ekologikoak onartutakoa dena; askotan, pentsatzen dugu ez dela hain kaltegarria, baina hau erosteko ezinbestekoa da txar-tela izatea. Horrez gain, bestelako herbizida edo belar-pozoi eta produktu indartsu edo arriskutsuagoak direnak erosteko, zalantza gabe.

Noiz izango da ikastaroa?

Martxoaren 1ean, 2an, 3an, 8an eta 9an izango da, bost egunez, eta egun bakoitzean bost ordu, 15:00etatik 20:00etara. 25 orduko oinarrizko ikastaroa izango da. Orain dela urte batzuk ere etorri ziren eta oraingoan ere homologatuta dauden edukiak eta formakuntza eskaintzera etorriko dira. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango dira saioak. Aramaiokoei zuzenduta dago, baina bailarako jendeari ere zabalik dago. Aukera ona da udaberria ate joka dugun honetan: ortuak, patata eta bestelakoak prestatzen ari garen honetan, txartela eskuratzea, ondorengoak ondo egiteko.

Arbel kooperatibarendako garrantzitsua da baserritarren beharrei erantzutea?

Bere garaian, Arbel baserritarrek sortu zuten euren beharrei erantzuteko; eta orain ere, bide horretan jarraitzeko, biltegia edukitzeaz gain, garrantzitsua iruditzen zaigu baserritarrek eta herritarrek dituzten beharrei erantzutea eta zerbitzu hau eskaintzea. Ikuspegi horretatik dator. Duela lau urte inguru, formakuntza bera eskaini genuen, eta, orain, gauzak estutzen ari direnez, uste dugu garrantzitsua dela berriro ere eskaintzea.

Nolako produktuak daude Arbelen?

Orain dela 40 urte, behar nagusia zen pentsua egitea; orain dela bost urte, eskaintza zabaltzeko apustua egin zen; eta orain, hemen ikusten dugun denda hau dugu. Jarraitzen dugu pentsua saltzen, eta etxeetara eta baserrietara banatzen; horrez gain, burdindegia, itxiturak egiteko tresnak eta beste hainbat gauza ditugu. Garaian garaiko gauza bereziak baita ere: fruta-arbolak, txorizoak egiteko behar den guztia, orain patata kontuak... Sasoi bakoitzean lan ezberdinak egoten direnez, produktu ezberdinak eskaintzen ditugu.

Fruta-arboletan, zein da gehien saltzen dena?

Hurritzak, kiwiak, sagarrak gaztainak... eta baita fruta txikien zuhaixkak ere. Horiek, adibidez, begietatik ondo sartzen dira, eta jateko gogoa sortzen dutenez ondo saltzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak