Uzta oparoko txotx sasoia abian da Araban

Txomin Madina Milikua 2022ko urt. 20a, 15:15

Aramaioko Iturrieta sagardotegian egin diote ongi-etorria 2022ko sagardo denboraldiari, Aritz Ganboa artzainaren eskutik. 100.000 litro sagardo ekoiztu dituzte Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkarteko hiru ekoizleek, 2020ko kopurua gaindituz.

Iaz ez zuten sagardo denboraldia behar bezala inauguratzerik izan Araban, baina arantza hori kendu ahal izan gaur eguerdian Iturrieta sagardotegian eginiko 2022ko sagardoaren aurkezpenean. Aritz Ganboa artzain eta dibulgatzailea gonbidatu dute Iturrietako sagardo berriaren lehen kupela zabaltzeko, eta haren alboan egon dira bi aramaioar: Idiazabal jatorrizko izendapenaren presidente den Felix Ajuria eta 93 urte dauzkan Felix Etxebarria artzaina. Modu horretan, sagardogileek omenaldia egin nahi izan diete euskal artzainei, "bi sektoreen arteko harremana sustatzea funtsezkoa" dela nabarmentzeko. 

Egindakoarekin konforme

Udazkeneko sagar uzta oso ona izan dela aipatu du Iturrietako Juanan Aretxagak, urtean zehar sortutako zalantzak kolpe batez uxaturik: "Hasieran beldur ginen ez ote genuen iaz baino gutxiago jasoko, euri gutxi egin zuelako urtean zehar. Atera kontuak, sagarrondoetatik fruituak erortzen hasi ziren lehorteagatik. Baina gero euri pixkat egiten hasi eta egoera konpondu zen". 

Hori horrela, 100.000 litro sagardo ekoiztu du Arabako elkarteak aurten, horren %35a txotx egiteko kupeletara eta %65a botiletara bideratuko dutelarik. Iturrietako sagardoa dozena bat sagar-barietate ingururekin egin dute aurten; gezalima, txalaka, goikoetxe, moko eta urdin sagarra dira horietako batzuk: "Gozoagoak, mingotsagoak edota gaziagoak izan daitezke, beraz, denak nahastuz lortzen dugu azken emaitza". 

"Zapore bikaina"

Aurtengo enbaxadoreak, Aritz Ganboa nafarrak, denboraldia irekitzeko artzainengan pentsatzea "ohore handia" izan dela adierazi du, bi ekoizleek egiten dituzten produktuak ondo ezkontzen direla gehituta: "Sagardoa gaztarekin eta arkumearekin bikain nahasten da; lehen sektoreko bi ekoizleon arteko harremana eta gertutasuna ondo sinbolizatzen du horrek". Felix Ajuriak ere Idiazabal izendapenaren eta Arabako sagardotegien arteko lotura "aspaldikoa" dela nabarmendu nahi izan du.

Aurtengo sagardoari buruz, "mundiala" dela adierazi du Ganboak: "Hemen gauza onak egiten dira, ezagutza eta kultura oso bat dagoelako; naturak ematen dizkigun fruituekin egin dezaketen onena egiten dute ekoizleek. Beste behin ere, sagardo bikaina edan dezakegu".    

Tamalez, sagardotegira doazenek ezingo dute txotxa ohi bezala egin, pandemiaren protokoloa tarteko. Mahai bakoitzetik batek beteko du pitxarra kupeleko sagardoz, ondoren mahaira itzuli eta edalontzietan apurtzeko.

Aurrera doaz, "pixkanaka eta gure kabuz"

Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkartea (ASSE) Koartangoko, Trebiñuko eta Iturrietako sagardotegiek osatzen dute, eta euskal sagardoaren jatorri izena darama euren produktuak: "Lurraldean hirurok gara sagardoa ekoizten dugun etxeak; gero, alde batetik, sagardotegi izena jartzen dioten jatetxeak daude, baina ez dute sagarrik ekoizten, gehienetan Gipuzkoako sagardotegiren bati erosten baitiote. Bestetik, eskala txikiagoan diharduten sagar-ekoizle ugari daude; Aramaion eta Ozetan, esaterako, produktua ingurukoei banatzeko egiten dute. Komeni da hori guztia bereiztea", adierazi du Aretxagak. 

Era berean, Arabako administrazioetatik laguntzarik jasotzen ez dutela nabarmendu du, mahatsaren ekoizpena lehenesten dutelako: "Berriki, Aldundiko Nekazaritza Saileko diputatuari entzun diot 600.000 euro banatuko dituztela Arabako Errioxako ardoa promozionatzeko; bien bitartean, sagardoa ez zuen aipatu ere egin, ez baitugu sosik jasotzen". 

Ondorioz, ahal duten modura egiten dute lan, Gipuzkoako Fruitagintzaileen Elkartearekin (Fruitel) aliantzak gauzatuz, adibidez. Aurten, bi ikastaro egin dituzte batera, bata inausketa teknika berrien inguruan eta bestea lur motei buruzkoa. Lehenengo ikastaroarekin lotuta, joan den udazkenean, lehen aldiz jaso zuten uztaren zati handiena makineria bidez, fruta-horma teknika erabilita. Hala, "20 urte atzera hilabete osoa iraungo zukeen eskulana bi egunean" egin ahal izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak