Berriro ere zabalik ditu ateak Alaiak erretiratuen lokalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ira. 3a, 07:00

17 hilabete egin ditu itxita Alaiak erretiratuen elkarteko lokalak; hain justu, 2020ko martxoaren 13tik aurtengo abuztuaren 13ra arte. Dagoeneko ateak zabalik ditu, nahi duenak erabil dezan.

17 hilabete egin ditu itxita Alaiak erretiratuen elkarteko lokalak; hain justu, 2020ko martxoaren 13tik aurtengo abuztuaren 13ra arte. Hala, Alaiak erretiratuen elkarteak eta Udalak lokala ireki ahal izateko protokoloa zehaztu dute. Dagoeneko ateak zabalik ditu, nahi duenak erabil dezan.

Protokoloaren arabera, kontuan hartu beharreko arauen artean dago maskararen derrigorrezko erabilera. "Jendeak esaten du maskararekin ezin dela jokoan egin, ezin dela keinurik egin...", dio elkarteko presidente Miguel Loitik. Gainerako arauek higienearekin dute harremana: eskuak garbitzea, erabilitako guztia desinfektatzea... Horrez gain, lokalaren edukiera %50era murriztuta dago: "Baina egun duen erabilerarekin hori ez da arazoa izango".

Harreman sozialak

Elkarteko zuzendaritza sei lagunek osatzen dute. Euren nahia da lehengo harreman sozialak izatera bueltatzea jendea; izan ere, konturatu dira lokala zabaldu arren jende gutxik erabiltzen duela. "Kalean jendeari galdetuta ikusten dugu jendea hotz, ez dute erantzunik ematen... Ez dakit, beldurra, erreparoa... Ez dakit zer den", dio Loitik.

"Elkarteak eskaintzen du lokal eder bat, taberna eta sukaldea duena", nabarmendu du Loitik. Horrez gain, hainbat eskaintza ere badituzte.

Elkartearen eskaintza

Azken ikasturte honetan bi tailer izan dituzte erretiratuek: kantu tailerra eta Gure euskara hobetzen tailerra. Horiekin jarraitu nahi dute. "Kantu tailerra Larraitz Arriolabengoarekin egiten dugu, 22 lagunek; eta euskara tailerra AEK-ko irakasle batek ematen digu. Euskara batua eta euskalkia uztartu, whatsapp-ak nola idatzi... ikasten dugu", dio Loitik.

Dantza ikastaroa

Alaiak elkarteak beste eskaintza bat du aurtengo ikasturterako: dantza ikastaroa. Euskal dantzak ikasi, eta fisikoki eta sozialki ondo egoteko modua izatea nahi dute. Taldea osatu egin behar dela azaldu dute zuzendaritzako kideek; horren arabera erabakiko dute dantza ikastaroaren egutegia eta ordutegia. Oihane Vicente irakasleak eskainiko luke. Izena eman nahi duenak 605 77 58 10 edo 652 76 48 59 telefonora dei dezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak