"Pandemia aitzakiatzat" hartuta ezin direla "giza eskubideak urratu" salatu dute

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 22a, 09:59

Azken egunetan Aramaioko familia bat bizitzen ari den "polizia jazarpena" salatu nahi izan dute bizilagunek. Hori horrela, protesta kalejira egin dute egubakoitz iluntzean, kultura etxetik abiatuta, Osasunaren izenean polizia jazarpenik ez! lelopean. Herritar ugarik bat egin dute mobilizazioarekin, eta egoera sufritu dutenek eskerrak eman dizkiete herritarrei.

Yesenia Parra aramaioarrak adierazi duenez, hamar egun egon da konfinatuta bere hiru alabekin, eta bizi izan duten egoera ez dela batere erosoa izan azpimarratu du: "Ertzaintza etorri zitzaigun lehenengo egunean, Osakidetzatik zetozela esan ziguten ea etxean geunden konprobatzera. Eta horrekin batera, gure konfinamenduko azken egunean ere etorriko zirela esan ziguten. Hala ere, zenbait egunez agertu ziren, eta, batzuetan ondo, eta beste batzuetan oso modu txarrean etorri ziren. Balkoira irteteko esaten ziguten, ikusi behar gintuztela, NAN zenbakia oihukatu behar genuela… Uste dut egoera matxista, arrazista, eta xenofoboa izan dela. Horregatik, salatzea gura izan dut Aramaioko Udalean, eta Ertzaintzan ere salatu dut. Gaur, amaitu da nire konfinamendua, Ertzaintzara deitu dut, eta eskatu didate barkamena, baina, mina eginda dago".

Ekitaldi amaieran hitza hartu duten herritarrak.

Herritar talde batek deitutako protesta izan da, eta, kultura etxetik Herriko Plazara bitarteko ibilbidea egin ostean, honakoa adierazi zuten:

"Jakingo duzuenez, Ertzaintzaren aldetik azken egunetan jasandako jazarpena salatzea izan da gaurko helburua. Konfinatuta egon behar izan duten bitartean, Aramaioko familia batek bizi izandakoak bultzatu gaitu kalera ateratzera. Orain artean, guk dakigula behintzat, ez da antzeko egoerarik izan gure herrian poliziaren aldetik, baina aurreko hilabeteetan jendarteko zenbait sektore kriminalizatuak izan direla ondo dakigu; komunikabide, bizilagun zein instituzioen aldetik.Oraingoan, Aramaioko migratutako emakumez osatutako familia bat eraso du poliziak. Horrek, agerian uzten du gizarte honetan arrazakeria eta matxismoa zein puntutaraino erotuta dauden, nahiz eta horrelako gauzak hemendik kanpo gertatzen direla pentsatzen dugun askotan, muturen parean tokatu zaigu, eta horrek sekulako amorrua eta ezinegona eragin digu. Ezin ginen mutu gelditu eta beste norabait begiratu. Horregatik, aspaldi leihoan zapi gorriak zintzilikatzeko egindako ekimena gogora ekarriz, kalean elkartu gara familiari gure babesa eskaini eta elkartasuna adierazteko.

Osasunaren izenean eta pandemia aitzakiatzat, ezin dizkigute bestelako giza eskubideak urratu. Herritarron duintasuna errespetatzea exijitzen dugu. Osasun krisiari aurre egiteko neurri errepresiboak bata bestearen atzetik jaso ditugun une honetan, ez zen hobe izango polizia gutxiago eta mediku gehiago izango bagenitu. Azkenik, aramaioarrei gaurko deialdiari emandako erantzuna eskertu nahi dizuegu, eta aurrerantzean ere elkar zaindu eta babesteko behar diren sareak zein harremanak, komunitatean lantzen jarraitzeko deia luzatu nahi ditugu… Elkar zaindu gaitezen".

"Ez da kasualitatea migratutako familia izatea"

Unai Etxenausia, mobilizazioa deitu duten bizilagun taldeko bozeramaileak azaldu duenez, Aramaioko familiak jasotako jazarpena ezin da onartu: "Osasunaren izenean, sekulako jazarpena izan dute Ertzaintzaren partetik, beraien etxera gerturatu, galderak… egiten. Kaltetuek ez zuten ulertzen zergatik izan duten halako jazarpena. Kontua da, konfinamendua egin behar izan dutela, Osakidetzak deitu zieten, eta ez zuenez hartu telefonoa izan da guztia. Hala ere, uste dugu ez dela kasualitatea migratutako familia bat izatea. Osakidetzako deiaren ostean, hurrengo egunean polizia bertan agertzea, eta gerturatzea izan daiteke, baina, guztia behin argi geratuta, gerturatze horiekin jarraitu dute, eta guk arazo bat ikusten dugu".

Berrogeialdiari jarraipena

Ertzaintzatik adierazi dute Osakidetzako aztarnariek eskatzen dietela COVID-19agatik berrogeialdia ez betetzeko susmoa dutenei jarraipena egiteko, eta kasu honetan ertzainek hori egin dutela. Jarraipena egin diela Aramaioko familia horri. Horregatik hurbildu direla haien etxebizitzara egiaztatzera, familiako kide batek positibo eman ostean, Osasun Sailak agindutako aholkuak betetzen ote ari ziren jakitera. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak