Bi enpresak dute Aramaion parke eolikoak egiteko interesa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko api. 22a, 13:04

Atzo, eguaztena, bilera irekia egin zuten kultura etxean Eolikoak Aramaion izenean. Udalak gaur egun dauden bi proiektuen berri eman zuen; eta Arabako Mendiak Aske plataformako kideek parke horien eraginaz hitz egin zuten.

Aramaioko Udalak deituta bilera irekia egin zuten eguaztenean kultura etxean, Aramaion parke eolikoak egiteko dagoen nahiaren inguruko azalpenak emateko.

Aixendar: haize neurgailua jartzeko lizentzia eskatu du

Joan den asteko berria da Aixendar sozietateak Jarindon, hain zuzen, udalerriko 8 poligonoko 142 B lurzatian, haize neurgailu bat jartzeko lizentzia eskatu duela. "Ez daukagu informazio gehiagorik. Dakigun bakarra da Jarindoko tontorrean estazio meteorologiko bat jarri nahi dutela, 81 metroko dorre bat", azaldu du Iban Herrarte zinegotziak. Dorrea kable bidez mantenduko litzateke zutik; eta neurketak egiteko arrazoia parke eoliko bat egiteko asmoa izango litzateke.

Kablea jarri nahi duten lurzorua urbanizaezina da. Hala ere, interes komunaren izenean, zenbait baimen lor daitezke: "Udala behartuta dago prozesua zabaldu eta Diputazioari eskatzera interes komuneko jarduera bat dela, Diputazioak horrela izendatu dezan".

Statkfrat enpresa norvegiarra

Kontua da asteon beste enpresa bat jarri dela Udalarekin harremanetan. "Norvegiako Statkfrat enpresak Kruzeta-San Adrian-Asensiomendi inguruan hamar sorgailuz osatutako parke eoliko bat jartzeko asmoa erakutsi du", dio zinegotziak.

Bi proiektu horiek eragingo luketen kalteez jardun zuten eguazteneko bileran.

Energia berriztagarriak

2030era begira, Europak energia berriztagarrien inguruan erronka handiak ditu. "Erronka horietatik urrun dabil EAE, eta momentu honetan Araban lau parke eoliko handi egiteko nahia erakutsi du Jaurlaritzak; Aramaiokoa bosgarrena litzateke", azaldu du Herrartek. Beste parkeak izango lirateke: Iturrietan, 15 haize-errota; Arkamun, 19 haize-errota; Azazetan, 8 haize-errota; eta, Labrazan 8 haize-errota.

Aixendar sozietatearen %60 Iberdrolarena da eta beste %40, Energiaren Euskal Erakundearena.

Proiektu horien daten inguruan, Herrartek azaldu du Aixendarren proposamena alegazio epean sartuta dagoela. Maiatzaren 11ra arte dago alegazioak aurkezteko epea. "Proiektuak aurrera egingo balu, haize neurgailuak, legez, urtebetez jaso beharko lituzke datuak", dio Herrartek. Norvegiakoen kronogramaren arabera, irailean haize neurgailua jarriko lukete, eta asmoa 2025eko uztailean parkea %100ean martxan egotea izango litzateke.

Kalteak ingurumenean

Arabako Mendiak Aske plataformako kide Iñigo Lezak hartu zuen hitza jarraian. Berriztagarrien "aitzakian" mendiak errotaz eta lautadak plakaz josi nahi dituztela esan zuen. Gaineratu zuen parke eoliko bat egiteko beharrezkoa dela PTS –lurraldearen arloko plana– bat izatea, eta, momentuz, EAEn ez dagoela PTSrik: "2009an, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen ordura arte zegoena". Lezak gaineratu du Araba hegaztien korridore natural bat dela, eta "bioaniztasunarendako kaltegarria" izango litzatekeela parkeak egitea.

Egin nahi dituzten proiektuetan erabiliko dituzten haize errotek 200 metroko altuera izango dute –Elgeako dorreen altuera 60 metro da–, eta gauez argia piztuta izan beharko dute: "Zarata sortzen dute, herriak hustuz; hegaztiak hiltzen dira; akuiferoak apurtu; 15 metroko pistak egin behar dira mendian; kultur ondarea hondatu...".

Zein da alternatiba?

Lezaren ustez, fokua kontsumoan jarri behar da: "Bertakoa eta garaikoa kontsumitu". Horrez gain: "Teilatuetan eguzki plakak jarri, beste era bateko eolikoak erabili, txikiagoak eta helize bakoak... dira alternatibak".

Herrartek ere berriztagarrien beharra eta herritarren ardurak aipatu zituen, baina beste eredu baten alde eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak