Erakusketa, online
Uxue Bereziartua hernaniarra da erakusketaren sortzailea. "Konfinamendua baino lehen sortutako ideia izan zen 41 ha-bitat eta gehiago. Uxuek 41 lanez sortutako erakusketa egin zuen: ilustrazioen bitartez habitat edo ekosistema ezberdinak erakutsi nahi zituen. Baina konfinamenduak dena aldatu zuen eta erakusketa online izatera pasa zen. Uxueren ilustrazioez gain, beste hainbat kolaboratzaileren lanak ere badaude ikusgai", azaldu du Kortabarriak. Horien artean, bi aramaioar daude: Edur Kortabarria eta Maider Aldai –La casa lanarekin–.
Berexiart.com da Bereziartuaren ataria, eta han ikus daiteke erakusketa, online. Kortabarriak bi lan jarri ditu: Nekea eta Itota. "Azaroan zehar positibo eman nuen COVID-19an, eta etxean konfinatuta pasa nituen egunetan bizi izandako esperientzia azaldu nahi izan dut ilustrazioekin", dio Kortabarriak. Erakusketa jarritako lan guztiak salgai daude.
Gorputzekiko obsesioa betidanik izan duela nabarmendu du, eta askotan emakumezko gorputzak izaten direla bere buruan oinarritutako lanak direlako.
Kortabarriaren ibilbidea
Aramaioarrak Leinn ikasketak egin zituen MUn. Ondoren, Donostiara joan zen, Diseinu Grafikoa ikastera, eta handik Bartzelonarako bidea hartu zuen, Ilustrazioan masterra egiteko. "Bartzelonan nengoela, martxoan, konfinamenduan sartu ginen eta berriro ere etxera itzuli nintzen, eta hemen bukatu nuen masterra, online", gogoratu du Kortabarriak. Orain arte egindako lan garrantzitsuena Maitasun propioa dela azaldu du: "Aurten hasi naiz horretan lanean, masterreko proiektua da. Argazkilaritza eta ilustrazioa batzen dituen proiektua da. Ilustrazio serie hori euskarri ezberdinetara eraman nahiko nuke: liburu formatuan, ehunean... Ez dakit, egiteke daukadan proiektua da".
Horrez gain, beste hainbat emakume artistarekin ere elkarlanean jarduten du: "Agara Agirre bitxigilearekin proiektu bat egiteko asmoa daukat, ilustrazioa eta bitxigintza batuko dituena; Ilazki Lili diseinatzailearen Biziki markarekin baita ere... Orain, Emakume Sortzaileen taldearekin Gabonetarako kanpaina egiten gabiltza".
Red Fanzinearekin elkarlanean
Martxoaren 8aren bueltan, Sastiñan zabaltzekoa zen Hilerokoa gorria ote erakusketan ere bere hainbat lan erakutsi behar zituen Kortabarriak. Red Fanzinea kolektiboarendako egindako ilustrazioak ziren, gero Skolastikako Ainhoa Aldazabalek hilerokoaren gaineko erakusketan batu zituenak.