Udaletxean edo liburutegian jaso daitezke Euskaraldiko txapak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko aza. 13a, 15:18

Euskaraldian parte hartuko duten aramaioar batzuk. Argazkiak: Rosa Mondragon.

Dagoeneko jaso daitezke Euskaraldiko txapak, Udaletxean edo liburutegian. Azaroaren 20an hasiko da Euskaraldiko bigarren edizioa, eta ekimena girotze aldera bi ekintza antolatu dituzte aste bukaerarako: gaur bertso saioa izango da, eta bihar dantza eta magia ikuskizuna.

Euskaraldiko prestaketa lanak azken astean sartu dira. Azaroaren 20an, egubakoitza, hasiko da Euskaraldia eta dena prest izateko, dagoeneko zabaldu dute txapak jasotzeko aukera. Udaletxean edo liburutegian jaso daitezke. Nabarmendu dute aurrez izena eman behar dela horretarako –Euskaraldia.-eus atarian eman daiteke izena, eguenera arte–.

Eguna gerturatu ahala jendea animatzen hasi dela azaldu du Euskaraldiko koordinatzaile Rosa Mondragonek: "Girotzen hasi dira herritarrak, izen-ematean ikusi dugu hori. Azken astean 25 bat lagunek eman dute izena". Hori horrela, eta aurrez 136 lagunek izena emanda zutela kontuan hartuta, 160tik gora izango dira Euskaraldian parte hartuko duten aramaioarrak. Txapak jaso ahal izateko, udaletxe ordutegia izango da: goizetan 09:00etatik 14:00etara eta eguaztenetan baita 16:30etik 18:30era. Liburutegiko ordutegia, aldiz, 17:00etik 19:30era da.

Txapez gain, Aramaioko Euskaraldiko taldeak maskarak erosi ditu –ahobizi edo belarriprest irudiarekin–, eta eraikin publikoetako langileei eta Euskaraldian parte hartuko duten merkatariei banatu dizkiete: "Kalean Euskaraldiaren presentzia handitzeko asmoz".

Bikoizketa lehiaketa

Ariketa soziala girotze aldera, hainbat ekintza antolatu dituzte. Horietako bat azken urteetan arrakasta handiz egin den bikoizketa lehiaketa izango da. "Aurten, hirugarren urtez antolatuko dugu", azaldu du Mondragonek. Gaineratu du San Martin eskolan antzerkigintzako saioak eskaintzen dituztela, eta, horrez gain, lehiaketari begira bikoizketa tailerra egiteko asmoa dutela, Jurgi Etxeberria irakaslearekin.

Bikoizketa lehiaketa azaroaren 27an izango da, barikua, eta izena emateko epea azaroaren 24ra arte izango da. Antolatzaileek dagoeneko aukeratu dituzte hainbat pelikulatako pasarteak; parte-hartzaile bakoitzak erabaki beharko du ze pasarte bikoiztu gura duen, eta aurrez gertatuta eraman ahal izango du saioa. "Hala ere, momentuan, zuzenean egin beharko da bikoizketa", azaldu du Mondragonek. Eszenaratzeak euskaraz izan beharko dira, batuan edo euskalkian; parte-hartzaileak Aramaion jaio, bizi edo lan egiten dutenak izan beharko dira; eta taldeak bi eta lau pertsona artekoak izan beharko dira.

Hiru kategoria bereiziko dituzte: 8-12 urte bitartekoak; 12-20 urte bitartekoak; eta 20 urte-tik gorakoak. Taldeetan adin nahasketak onartuko dituzte. Sariak izango dira: txikitxoenentzat, Hontza Extrem-eko sarrerak; gaztetxoentzat, 75 euroko txartel bat; eta nagusientzat, 80 euro Aramaioko jatetxe batean gastatzeko.

Bikoizketa tailerra online izango da, Zoom bidez, azaroaren 16an. Aurrez eman behar da izena. Eszenaratze egunean edukiera mugatua izango denez, izena eman beharko da kultura etxean.

Aste bukaerako egitaraua

Gaur, barikua, bertso saioa egingo dute, kultura etxean, 19:00etan. Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Ane Zuazubiskar eta Manex Agirre ibiliko dira bertsotan; eta gai jartzaile lanetan, Lierni Altuna eta Oihana Ameskua. Dagoeneko agortu dira sarrera guztiak.

Bihar, zapatua, Aguraingo Jeiki dantza taldeak Iluntasunean argi dantza eta magia ikuskizuna eskainiko du. 17:30ean izango da, kultura etxean, 3 euroren truke. Leihatilan erosi behar dira sarrerak, edo 687 58 65 56 zenbakian erreserbatu.

'Egunean behin': sariak

Egunean behin jokoaren Aramaixon euskeraz taldeko irabazleei Euskararen Egunean, abenduaren 3an, banatuko dizkiete sariak. Irabazleez gainera, zozketa bidezko saridunak ere egongo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak