Aramaioko hogei entitatek eman dute izena azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ariketa sozialean. Eskola, euskara elkartea, tabernak, komertzioak... izan dira Euskaraldiarekin bat egin eta aipatutako egun horietan euskaraz aritzeko konpromisoa hartu dutenak.
Euskaraldiaren koordinazio taldeko kideak "pozik" daude erantzunarekin. "Ez genuen espero horrenbeste entitatek parte hartuko zutenik", dio Rosa Mondragonek.
Jarrera aktiboa izatea
Nahiz eta Aramaio arnasgunea izan euskarari dagokionez, denek dakite badagoela zer hobetua. Hori horrela, konpromisoa hartu dute jarrera aktiboa izateko, horrek eragingo dien esfortzuarekin.
San Martin eskolan, esaterako, euskararen arnasgune izatea zer den landu dute Ikimilikiliklip: tailerraren bitartez. "Argi daukagu lanean jarraitu behar dugula", dio Junkal Garai irakasleak. Eskolak herrian duen presentzia ikusita, eta eskola herriko partaide den heinean erabaki dute Euskaraldiarekin bat egitea: "Hiru arigune sortu ditugu. Arigune bat kanpokoekin harremanetan daudenek osatuko dute; zuzendaritza taldekoek, batez ere. Beste bi ariguneak izango dira HHko irakasleak eta LHko irakasleak".
Aramaioko koordinazio taldeak Euskaraldia girotu eta zabaltzeko asmoekin jarraitzen du. Egunean behin jokoan, esaterako, Aramaixon euskeraz taldeko partaideen artean sariak banatuko dituzte. Horrez gain, Aramaio.eus atarian Euskaraldira bideratutako atala sortu dute eta sare sozialak erabiliko dituzte informazioa zabaltzeko.
Norbanakoek izena eman
Norbanakoen txanda da orain: ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko epea zabalik dago. Euskaraldia.eus atarian eman behar da izena.
Zergatik egin duzue bat euskaraldiarekin?
Junkal Garai: "Herrian eskolak badu presentzia, herriko partaide sentitzen gara, eta guretako hizkuntza oinarrizko erreminta da. Hiru arigune sortu ditugu".
Ainara Inuntziaga: "Ondo dator horrelako ariketa bat egitea. Gugandik hasita, ikusten dugu gehiago egin daitekeela euskaraz. Ohitura txar batzuk baditugu".
Ekaitz Horrillo: "Animatu egin gara Euskaraldian parte hartzera. Aramaio herri euskalduna den arren izaten ditugu gazteleraz egiteko ohitura batzuk".