Aitor Ugarte: "Finalean lasai nengoen, baina kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko urr. 16a, 10:29

Arabako eskolarteko txapelketa irabazi zuen Aitor Ugarte aramaioarrak zapatuan. Pozik dago lortutako txapelarekin, nahiz eta egindako lanarekin "ez hain konforme" egon. Gaur beteko ditu 18 urte Ugartek.

Zorionak lortutako txapelagatik! Espero zenuen?

Banekien aukerak nituela, esperientzia daukat eta eskolartekoan. Lau final jokatu ditut, eta bitan izan naiz txapelduna, 2018an eta aurten.

Nolako finala izan zen?

Iaztik asko aldatu da finaleko argazkia. Jende berri asko eta oso gaztea zegoen. Araban badago etorkizuna bertsolaritzaren inguruan.

Eskolarteko Euskal Herriko finala jokatuko da azaroaren 14an Abadiñon. Hor ere baduzu esperientzia.

Bai, hori da asmoa, baina ikusi egin behar ze bilakaera duen bizi dugun egoerak. Iparraldean, Nafarroan... neurri ezberdinak har ditzakete pandemiaren aurrean. Hala ere, ni oso gogotsu nago, eta bai, badut esperientzia. Hiru aldiz jokatu dut Euskal Herriko finala eskolartekoan. Aurtengoa azkena izango da.

Zapatukoa Arabako bertsolaritzaren egun handia izan zen. Kuadrilla arteko finala ere jokatu zen eta.

Bi saioetan parte hartu nuen. Goizekoarekin ez nintzen hain konforme geratu, eta arratsaldeko aukera ere hor zegoen. Aramaioko bi talde geunden finalean: Izenbakuek eta gu. Denek elkarrekin bazkaldu genuen. Nire iritziz, arratsaldeko saioa luze joan zen, baina, aldi berean, pozgarria eta hunkigarria izan zen.

Zergatik diozu ez zinela hain konforme geratu?

Lasai nengoen, baina kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea. Hala ere, zortziko txikian asmatu egin nuen.

Aramaioko bertso eskolak lan handia egiten du?

Finalean bi talde egotea horren erakusle da. Bertso eskolan nagusiagoak eta gaztetxoagoak gaude, eta lan ona egiten da bertso zaletasuna sustatu eta zabaltzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak