Inoizko txapelketarik luzeena aramaioarren sinadurarekin zigilatu da azkenik. Urtarrilean eman zitzaien hasiera Arabako eskolarteko eta kuadrilla arteko bertso txapelketei. Sei hilabeteko geldialdia eta dozenatik gora saio ostean, Murgian hartu dute zita bi lehiaketetako finalistek.
Kuadrilla arteko hiruko finalean, Aramaiok errepresentazio zabala izan du, bi kuadrilla sailkatu baitira azken fasera: Manex Agirrek, Danel Herrartek, Andere Arriolabengoak eta Peru Abarrategik osatutako 'Izenbakuek' eta Xabi Igoak, Paula Amilburuk, Aitor Ugartek eta Martin Abarrategik osatutako 'Konde basoko iluek'. 'Gasteizko Sumendiola bete poto' kuadrillak osatu du hiruko lehia.
Hiru orduko saio estu eta luzea eskaini diete Murgian batu diren 110 lagun ingururi. "Aparteko momentuak" ere utzi dizkiete entzuleei, Peru Abarrategi bertsolariak aipatu duenez. Gai jartzaileak lan mordoxka eman die parte hartzaileei: online salmenta, konfinamendua, normaltasun berria, hozkailuko arrastoak edota diskoteketako bezero zaharrak bezalako gaiak mahai gaineratu dizkie, eta bertsolariek artez erantzun.
Azkenean 'Izenbakuek' lagun taldeak poltsikoratu du sari nagusia: Arabako produktuz osaturiko zakua eta ficus landare bat. Gainera, finalista guztiek Unai Gaztelumendik marraztutako talde karikatura ederra jaso zuten. Parte hartzaileen esanetan, Arabako bertsolaritzarentzat egun polita izan da zapatukoa.
18 urtez azpikoa, Aitor Ugarterentzat
Arratsaldeko kuadrilla arteko finalaren aurretik eskolarteko azken fasea erabakitzeko saioan parte hartu dute 18 urtez azpiko sei bertsolarik, eta hemen ere Aramaio aldera jo du sari nagusiak. Aitor Ugartek bigarrenez irabazi du eskolarteko finala, 2018an estreinatu zelarik. Ugarteren esanetan, "lasaitasun handiarekin aurkeztu da finalera, eta hobeto egin zezakeenaren sentsazioa ere eduki du, presio puntu bat falta zitzaiolako". Edonola ere, esperientzia daukan bertsolari gaztea dela erakutsi du kirol eremura hurbildu diren bertsozaleen aurrean.
Honela agurtu da Aitor txapela buruan zeukala: "Mikroa doa oinordetzan ta / Nola ez harro sentitu / Aurrerantzean bertso ederrak / Ere kantatuko ditu!". Arabako txapela ez ezik, Euskal Herriko eskolarteko finalera sailkatzeko txartela ere lortu du aramaioarrak. Egun berezi hau azaroaren 14an da ospatzekoa, Abadiñon. Ea hor ere berea ematen duen Aitor Ugartek!