Denek nabarmendu dute Blanka Mendialduaren izaera eta ekarpena

Julen Iriondo 2020ko eka. 11a, 22:50

Atzo hil zen Blanka Mendialdua, gaixoaldi labur baina atzera bueltarik gabeko bihurtu den baten ostean, 72 urterekin. Herriko bake epaile zen 2009az geroztik; horrez gain, eskolako irakasle izana, Papargorri abesbatzaren sortzaileetakoa, euskaltzalea...

Papargorri abesbatzaren zuzendari Larraitz Arriolabengoarentzat "izugarrizko kolpea" izan da Blanka Mendialduaren heriotza: "Izugarrizko harremana genuen. Blanka izan zen Papargorriren sortzaileetako bat; Papargorri abesbatza Arabatxon dago –Arabako Haur Abesbatzen Federazioan–, besteak beste, Blanka hor egon zelako. Guretzako beti egon da hor; zuzendaritzako postu denetatik pasa da, eta azken urteetan joan da gauzak beste batzuen eskuetan uzten. Jende gazteagoa sartzen joan ginen, eta guretzako erreferentea izan da".

Albisteak Papargorri familia "jota" utzi duela dio Arriolabengoak: "Musika arloan, zuzendaritzan-eta, ez da egon, baina gu edonora gindoazela ere, hor zegoen, umeen meriendaz arduratuz, goxokietaz... loteriaz arduratuz... Iaz utzi zuen lehendakaritza. Gu hemen gaude bera egon delako". Papargorriren historian pertsona "oso garrantzitsuetako bat" bera dela dio abesbatzaren zuzendariak. 

Izaeraz, "oso burugogorra, oso langilea eta oso eskuzabala" izan da, Arriolabengoaren arabera.

Blanka Mendialduaren heriotza "kolpea" izan da eskolako irakasle Ane Miren Etxebarriarentzat ere. 2003 inguruan iritsi zenean, eskolako irakasle zen Mendialdua, eta lankide izan zuen zazpi-zortzi urtez, erretiroa hartu zuenera arte –duela hamar urte inguru–. Gogoan du nola izan zuen erretiroa urtebete-edo lehenago hartzeko aukera; baina une hartan eskolako zuzendari zen, eta berak irakasle moduan amaitu gura zuen bere ibilbidea: "Eta lanean jarraitu zuen".

Harekin izandako harremanaz horrela mintzo da Etxebarria: "Hasieratik izan genuen harreman ona, ondo konektatu genuen. Laguntzeko prest egoten zen beti, oso atsegina eta erraza zen berarekin harremana izatea, lan egitea; umoretsua zen, berarekin gustura sentitzen nintzen". Biek ziharduten eskolako ikasle nagusienekin, eta behin eta berriz nabarmentzen du Etxebarriak laguntza handia jaso zuela Mendialduaren partetik.

Gainera, eskolaz kanpokoa ere bilakatu zen euren harremana: "Adibidez, mintzalagun taldea sortu zen, eta bera ere bazegoen. Euskaragatik kezkatu eta inplikatzen zen; euskararen erabilerak eta euskara mailak ere kezkatzen zuen. Eskolan ere sortu zen Euskara Batzordea, eta berarekin egon nintzen hasieretan. Asko ikasi nuen berarekin. Euskara maite zuen, eta transmititu egiten zuen hori".

Hamaika saltsatan

Bizitzan zehar Papargorriko kide eta eskolako irakasle izateaz gain, gaur egun bazen erretiratuen eta elizako abesbatzetako kide ere; katekesia ematen zuen, eta Arbeleko idazkaria ere bazen; eta Aramaioko bake epailea, 2009tik. Duela bi urte, horrela azaldu zizkion Goienari bake epaile eginbeharren nondik norakoak, bi herritarren arteko gorabehera baten osteko adiskidetze saio batean, adibidez: "Gure lana ez da izaten epaitzea; inplikatutako aldeak iritsi behar dira adostasunera, eta guk egiten dugun bakarra da adostasun horri izaera ofiziala ematea".

Udalbatzaren eskumena da bake epailea aukeratzea, eta haren onespena izan zuen Mendialduak, azken aldiz, 2018an, zeregin horretan jarraitzeko. Aramaioko Udalak ere eskertu nahi izan dio urte hauetan egindako lana, eta bere webgunean argitaratutako berrian adierazi du bat egiten duela "familiaren eta lagunen atsekabean".

Blanka Mendialduaren aldeko hileta bihar, barikua, izango da, 18:00etan parrokian.

Kuadrillako lagunen agurra

Idatzi honekin agurtu dute kuadrillakoek Blanka Mendialdua:

"Askotariko gaiez jarduterakoan edo haiek aztertzerakoan egiten zituen analisiengatik nabarmentzen zen Blanka kuadrillan. Zorte handi bat izan da guretzat hainbeste hizketaldi, paseo eta irteera berarekin partekatu izana.

Blanka ez da geldi egotekoa izan, hainbat ekintzatan inplikatu da: musikan; euskara kontuetan; bake epaile izan da; Andramari kofradian; Arbelen; ASEn. Denetan jarri du bere hondar alea eta lan ona. Langilea, diskretoa eta gainerakoekiko sentsibilitate handia izan duen pertsona izan da.

Gauzak ondo egitea gustatzen zitzaion, eta hori bere lanetan islatzen zen. Sarri ikusten genuen presaka bilera batera iristen, Bizente Goikoetxea abesbatzaren entsegura, Papargorrikoengana... Irudi ohikoa zen bera plazako etxetik ateratzen, konpromisoa zuen toki hartara abiatzeko.

Herrian antolatutako kultura ekintzetan hartzen zuen parte, eta, beharrezkoa zenean, bere iritzia emanez ere hartzen zuen parte.

Familiarekin zuen lotura oso estua zen; oso garrantzitsua zen beretzat. Bere Etxaguenera joaten zen astean hainbat aldiz, oiloak zaintzera, ortua, etxea.

Arrasaten ibili zen irakasle zenbait urtez, eta, ondoren, Aramaioko eskolan; han eman zituen bere ibilbideko ia urte denak.  Asko maite zituen umeak; zentzu honetan, hainbat urtez hartu zituen udako bi hilabetetan Ukrainako bi ume etxean. Maitasun osoz zaindu zituen, bere senar Jesusekin batera, zentzu guztietan haiengatik arduratuz.

Blankak asko maite zuen natura. Ez zen mendizale borrokatua, baina Aramaion eta inguruan paseoan egitea gustatzen zitzaion. Bidaiatu ere nahikotxo egin zuen, senarrarekin, atzerrira, penintsulara zein Euskal Herrian barrena.

Pertsona handia zen Blanka: faltan botako ditugu bere konpainia, hausnarketak, lan ona eta diskrezioa. Agur, Blanka".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak