Bake epailea hautatzeko prozedura zabalik dago Aramaion

Julen Iriondo 2018ko api. 27a, 13:33

Blanca Mendialduak duela bederatzi urte hartu zuen kargua, eta eragozpenik ez du uzteko, beste inork bere burua aurkeztuko balu. Erregistro zibileko zereginak izaten dira ohikoenak, eta adiskidetze saioren bat-edo ere izaten da tarteka-marteka.

"Besterik ez badago jarraituko dut, baina ez dut arazorik beste bati lekua uzteko"; Blanca Mendialduaren hitzak dira. Hura da Aramaioko bake epailea 2009a ezkero: "Erretiratu berria nintzen, proposatu zidaten egiteko hori hartzea, eta baietz esan nuen". Udaletxe ondoan bizi da, eta dio ez dela lotura handia astean behin –astelehenetan–, idazkariak datozenean, bertaratu eta karguak eskatzen dituenak egitea: "Gehienetan, erregistro zibilarekin lotutakoak izaten dira: jaiotzak, heriotzak, ezkontzak, abizenak aldatzea… Horietan, sinatzea izaten da". Tarteka, noiz edo noiz, izaten da bestelakoren bat, adiskidetze saioren bat edo… "Horrelakoetan, gure lana ez da izaten epaitzea; inplikatutako aldeak iritsi behar dira adostasunera, eta guk egiten dugun bakarra da adostasun horri izaera ofiziala ematea". Hauteskundeetan emaitzak Gasteiza, epaitegira, eramatea ere bake epailearen egitekoa izaten da.

Bake epaile izateko ez omen da behar ezagupen edo prestaketa berezirik; lehen, formakuntza saio bat egiten zen, baina, "krisiarekin", hori ere kendu zuten. Betekizun hau betetzeagatik jasotzen duen diru kopurua ere bera ei da azken bederatzi urteotan, ez omen da aldatu: 1.000 euro urtean. Baina dio balitekeela herrian egotea egiteko horien truke diru sarrera hori lortzea ondo etor dakiokeen lagunik, eta animatzen du aurkeztera.

Udalbatzari dagokio hautatzea udalerriko bake epaile titularra eta ordezko izango diren pertsonak. Kasu honetan, Aramaioko bake epaile izateko interesa duten pertsonek lehen bait lehen jo behar lukete udaleko erregistro orokorrera instantzia aurkeztera, ediktua Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzetik hamabost egun balioduneko epea baitago horretarako. Legezko baldintzak betetzen dituzten interesdunek honako agiri hauek ere erantsi behar dizkiote instantziari: nortasun agiriaren fotokopia; erantzukizunpeko aitorpen bat, adierazten duena kargua betetzeko baldintza guztiak betetzen dituela hautagaiak; memoria laburra, non argudiatuko den hautagaiaren egokitasuna. Udalak hautagaitza aurkezten dutenei zuzenean jakinaraziko die zeintzuk diren kargu hori betetzeko ezinbesteko baldintzak eta ezin betetzeko ezgaitasun eta bateraezintasunak. Bake epaile kargua lau urterako izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak